Arabako mahastiak
Azken egunotan, bada gure eskualdeari, Arabako Errioxari dagokion gai bat, mundu guztiaren ahotan dabilena, Euskal gobernuak Españako Boletinean “Arabako mahastiak- Viñedos de Alava” jatorriko izendapen berriaren tramite eskaria egin egin zuenetik.
Puntu honetara heldu baino lehen , historia egin dezagun, hau ez baita gaurko kontua. Hiru urte pasa dira jada ABRA, Arabako Errioxako Upategien Elkartearen barruan, gure sektorearen eta eskualdearen etorkizunaz kezkatuta, eztabaida ireki zela hemengo oinarria ziren “bodega familiarrak” (famili upategiak) bizirauteko egin zitekeenaz. Oso kezkatzeko kontua baita azken hogei urtetan Araban, 720upategi ardogile izatetik 340izatera pasatzea. Bi bide nagusi ikusten ziren eta biak jorratzea erabaki genuen, bata, Rioja Jatorri izendapenaren barruan eta Arabako Errioxako diferentziazioa lortzeko lana egitea Kontseiluan eta bestea Rioja Jatorri Izendapenetik irtetzea eta Arabako Errioxarako zerbait berria sortzea, guk kudeatuta eta hemengo agintarien babesarekin (sagardoa, txakolina, haragia,….. eta beste hainbat hemengo produktoen antzera). Oso garbi gelditu zen bazkideen artean, bi bideak zilegiak zirela eta bakoitzak hartuko zuela erabakia bere burua kokatzeko batean edo bestean.
Honetan genbiltzala, Rioja Jatorri izendapeneko Kontseilutik, ABRAko jardunaren zarata ikusita, diferentziazio eskaintza egin zen, Vino de zona, vino de municipio, RIOJA ALAVESA Rioja izenaren tamaina berekoa jartzea etiketetan,…. eta hori aurrerapusua zela eritsita bi urteko epea ematea onartu zen, bigarren bidea kajoian gordeta. Bi urteak pasa ondoren eta bazkide batzuek RIOJAk egindako eskaintzarekin ez genuela arazoa konpontzen ikusita, “Arabako Mahastiak- Viñedos de Alava” egitasmoari bide eman diogu eta orain etorri da tramite eskaria.
Harrituta gaude zerbaiten aldetik izandako erreakzio bortitzarekin, Rioja Kontseiluko zuzendariarena adibidez, gure egitasmoa deusestatzeko ahalegin guztiak egingo dutela esanez edo alderdi politiko batzuk disparate joaz guk hartutako bidea, Aldun nagusia barne. Zer pekatu egin dugu edo hobe esanda, zer pekatu egin du ABRAk mahastizaintza eta ardogintza eredu bat defendatzeagatik?
Guk defendatzen dugun ereduak zer ikusi handia du gure lur pobreekin, gure orografiarekin, gure lur manejoarekin (eskulan gehiago makinaria baino), ardoa egiteko artisau moduarekin, ardoaren kalitatearekin, gure bizimoduarekin, gure kulturarekin,…… Ezaugarri guzti hauek islada izan behar dutela merkatuan ere uste dugu . Gure ekoizpena sendotu behar dugu, bertoko merkatua sendotzeko bideak ireki behar ditugu eta jatorri izendapen berri hau tresna bat da hau lortu ahal izateko eta Arabako Errioxako eredua bultzatzeko. Gure ereduak aurrera egiteak herrien sostengua ere ekarriko du, ziur gaude. Lurraren jabeak eta upategien jabeak bagara herrian lan egin eta bertan biziko gara eta horrela herria egingo dugu. Dena agroindustriaren esku uzten badugu, akabo, gureak egin du, herriak husten jarraituko dute eta.
Ikusiko dugu nola bukatzen den bide berri hau, baina guk ez dugu etsiko eta trabak traba aurrera egingo dugu, nahiz eta konsziente izan laguntza eta babesa behar dugula orain arte behintzat, garbi adierazi ez dutenen aldetik
Esti Besa
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!