Arabako Arkeologia Objektuak VIII: Arrillorreko neandertal baten esne hagina
Araban aurkitutako giza aztarnarik zaharrena da Arrillorreko kobazuloan aurkitutako neandertal baten esne hagina. Duela 45.000 urte inguru bizi izan zen neandertal gizaki (9-12 urte arteko) gaztetxo batena izan zen hagin hori. Aurkitu zuen arkeologoak, Andoni Saenz de Buruagak, Ekhi izena jarri zion.
Erdi Paleolitoan bizi izan zen haginaren jabea, beraz, eta badira harrizko tresneria zaharragoak eta garai horretakoak Araban, baina, hau da gaur egungo Araban pertsona baten hezurduraren aztarna zaharrena eta neandertalen giza arrasto bakarra (Euskal Herri osoan, Bizkaiko eta Gipuzkoakoekin batera dagoen apurretakoa).
Arrillorreko kobazuloa Muruan (Zigoitia) dago, Gorbeia mendiaren magalean. Barandiaranek aurkitua, gerora indusi zen batik bat.
Erdi Paleolitoan aldi desberdinetan erabili zuten gizakiek, sasoi desberdinetan eta, garai eta giroaren arabera, sarriago joaten ziren edota gutxiago bertara, indusketa arkeologikoan agertutako aztarnek adierazten diguten moduan.
Neandertal haiek ehizatzen zituzten animalien hezurrak ugari agertu dira (esate baterako, klima epeleko oreinak) eta baita, haiek ez zeudenean, haitzuloa bizitoki izan zuten hartzenak edota klima hotzeko errinozero, lehoinabar eta abarrak. Horiez gain, gizaki haiek egindako harrizko tresnak aurkitu dira, mustier aldikoak (horrela deitzen da garai horretako eta mota horretako kultura materiala), eta gehienak kuartzita eta lutitetan egindakoak (askoz geroago ohikoa den suharrian izan ordez). Batzuk gainera, oso berezia den levallois teknikaren bidez landutakoak. Orotara, garaian ohikoak diren puntak (lantza edo azkon modukoetan jarriko zirenak), karraskagailuak eta bestelako tresnak.
Gorbeialde inguru horretan, Behe Paleolito bukaerakoak (duela 100.000 bat urte) diren harrizko tresnak agertu dira ere, beraz, oso aspalditik gizakien bizileku izandakoa da. Erdi Paleolitoan ere bizi izan ziren bertan, baina badira beste toki batzuk ere Araban aztarna ugaridunak (Trebiñu aldean, adibidez).
Ikerlariek aztertzen jarraitzen dituzte aurkikuntza horiek guztiak eta informazio berria ikasten ari gara horri esker. Ez dezagun ahaztu, aurten Nobel saria eman diotela Europako beste toki batzuetako neandertalen genetika aztertu duen Svante Pääbo ikerlariari.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!