Aferak
Kurtso berri honetako lehen iritzi tartea dut eta pentsatzen aritu naiz zeren inguruan aritu:
Asteburuan Bilbon manifestazioarekin amaitu zen 11/13 sumariokoen aldeko elkartasun uholdea. Auziko epaiketa luzea izatea espero zen. Atzo hasi eta atzo amaitu zen, ordea. Akordioa lortuta, espetxea saihestuko dute 47 auzipetuetatik 45ek. Arantza Zulueta eta Jon Enparantza preso sartuko dituzte bost hilabetetarako.
Altsasuko gazteen afera ere hor dago. Espainiako Auzitegi Gorenak bihar aztertuko du auzia. Altsasuko jaietan izandako liskarrarengatik, hiru urte daramatzate kartzelan. Altsasuko Gurasoak plataformako bi kide atzo Estrasburgon izan ziren entzuteko prest zeuden parlamentariei haien egoera kontatzen. Afera gertutik jarraitzeko eskaera egin diete.
Atzo legebiltzarrean Gobernuz kanpoko erakundeek arma salmenta salatu zuten. Hemengo garraio azpiegiturak armamentua garraiatzeko erabili berri direla esan zuten eta Euskal Herriko armagintza sektorearen inguruan hitz egin beharko litzatekeela. Ez duelako zentzurik gerra eremuetan laguntzen aritu eta bertan lehertzeko armak egitea aldi berean. Enpresek giza eskubideak bermatuko dituen eredu iraunkorrago batera pasa beharko luketela azpimarratu zuten. Gai honekin harreman handia duen CAF enpresaren erabakia ere hor dago. Jerusalemgo tranbia egingo du Shapir enpresarekin batera: Apartheid trena.
Abuztu amaieran Biarritzen izan zen G7an atxiIotutako kide batzuen aurkako auzia ostiralean izango da Baionan. 146 herritar atzeman zituzten eta 16 bat lagun Estatu frantsesetik kanporatu. Atxiloketa guztiak era prebentiboan izan ziren eta ez bortizkeria dela eta.
Espainian ere ez du itxurarik Sanchezek inongo asmorik duenik inbestidura bat lortzeko. Gaur Espainiako erregearekin egon aurretik esan beharko luke zerbait baina badirudi ez duela “lagunik” nahi eta beraz, azaroaren 10ean berriro hauteskundeak izango dira. Haietarako seguru eskuinak akordioak lortuko dituela eta ezkerrak ez.
Zerrendatu, zerrendatu ditut egun hauetan hizpide ditugun gaiak. Ez naiz erabakitzeko gai izan, ordea. Denak eta hauek baino gehiago baitira garrantzitsuak eta kontuan hartzekoak. Gure esku dagoena egiten saia gaitezke: elkartasuna adierazi, zarata atera edo salatu edo eta afera horietan esku hartuko duten horiek behar bezala aukeratu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!