Uhintifada : Agus Gorbea: «Palestinara brigadista lanetan bidaiatu aurretik baneukan informazioa, baina ikusi arte ezin nuen imaginatu hainbesteko ankerkeria eta inpunitatea izan zitekeenik»
UHINTIFADA 444. Udazkeneko sasoiaren testuinguruan Palestinan urtero izaten da olibaren uzta garaia. Mendetako tradizioa duen jarduera hori ogibide nagusia izan ohi da milaka famila palestinarrentzat, baina azken hamarkadetan arrisku handiko jarduera bilakatu da, kolonoen talde kontrolgabeek nekazarieei eraso egin ohi dietelako olibak biltzeko lanetan diharduten bitartean. Hori dela eta, nekazari palestinarrek urteak daramatzate ekintzaile internazionalisten laguntza eskatzen, hara joan eta euren presentziaz jarduera arriskutsu horretan babesa eman diezaieten. Unadikum deialdi horri erantzuten dion erakundeetako bat da. Urtero brigadak antolatzen dituzte, olibaren uztaren bilketan ari diren nekazariei laguntzeaz gain, ibilbide politiko bat egin eta okupaziopean bizi diren palestinarren testigantzak jasotzeko. Aste honetako saioan brigada horietako baten parte hartzaile batekin hitz egin dugu, Agus Gorbearekin. Gorbea Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko militantea da eta iragan urrian ibili da Palestinan brigadista lanetan.