Kommunistka-k, kamarada feministak
Txikitan martxoaren 8a emakume langilearen eguna zela entzuten nuenean, langile hitzarekin, alferrak ez ziren emakumeak irudikatzen nituen, etxean zein etxetik kanpo egun osoa lanean ematen zutenak, neure ama edo amama kasu. Oroitzapen isolatu hura bat-batean berpiztu zitzaidan halako batean era masiboan soilik “emakumearen naziorteko eguna” deitzera pasa zela ohartu nintzenean. Iraganeko “langile” hitza, ez alperraren antonimoa dena, baizik eta klase kategoria izendatzen duena desagerraraziz. Ez burgesak, ezta pribilegiatuak ere, desjabetuak, emakume langileak edo langile emakumeak interpelatzen gintuena.
1975ean bereganatu zuen NBEk aldarri eguna, bereganatu eta despolitizatu nahian, edukiz hustuz, botereak egin ohi duen bezala, herrion eta zapalduon kontakizuna ezabatu edo berridazteko asmoz. Horregatik historia errepasatzea komeni da batzutan. 1910eko Kopenhageko Emakume Sozialisten Nazioarteko II. Topaketetan proposatu zuen Clara Zetkinek Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, garaiko AEBetan oihalgintzako langileen grebak ohoratu eta emakume langileon eskubideen aldeko borrokarako egun bat txertatzeko intentzioarekin. 1917an, orduan Petrogradon, berriz ere oihalgintzako emakumeen manifestazio bat izango zen Errusiar Iraultza piztuko zuen ekintza nagusietako bat.
Nadezhda Krúpskaya, Inessa Armand edo Aleksándra Kolontái (historian mundu mailan gobernu batean ardurak izango zituen lehen emakumea), izan ziren Sovietar Batasunaren eraikuntzan emango ziren neurri feminista iraultzaileen atzean egongo ziren kamaradak. Ezingo dituzuenak feminismo liberalen historiografietan topatu, sasi sozialisten narrazioaetan ezikusiak diren bezalaxe. Kamarada hauei esker, besteak beste, Neguko Jauregia hartu eta hilabete batera ezkontza zibila eta dibortzioa legeztatu zituzten boltxebikeek, familia eredua instituio zapaltzaile bezala irakurri eta emakumeon erabateko askatasunerako berau eraldatzea ezinbestekoa zela argi baitzuten. Amatasun zein esnealdietarako baimen zein lan baldintzak bereziak ezarri zituzten. Aldi berean, eta berriro ere lehen aldiz mundu mailan 1920an aborto librea, publikoa eta dohakoa ezarriko zuten. Horretarako amatasun klinika sare bat eraiki zuten, non metodo antisorgailuen dibulgazioa izango zuten ardatz. Sexu harremanetaz, maitasun askeaz, seme alaben zaintzaz, familia ereduaz, arteaz, edo arkitektura komunala hausnartu zuten, eta gai hauek jorratuko zituen aldizkari bat sotu: Kommunistka (emakume komunista). Teoria praktika bihurtu nahian haurtzaindegiak, jantoki komunalak, liburutegiak eta etxebizitza kooperatibak martxan jarri zituzten, ondo baitzekiten ekoizpen eredua aldatzea ezinbestekoa zen arren ez zela nahikoa izango langile emakumeen burujabetza lortzeko.
XX. mendeko 20ko hamarkadaren loratze iraultzaileak nahi beste iraun ez zuen arren, haibat arrazoi medio 30eko hamarkadan gertatuko zen atzerapausoa dela eta, borrokalari hauen eta herri oso baten garaipenak ezagutu, gogoratu eta goraipatzea komeni. Emakume langileak feministak izateaz gain, ezinbestean antikapitalistak, antiinperiaristak, antiarrazistak eta internazionalistak izatea komeni zaigun bezalaxe. Isabel Benitezen hitzetan “feminismo guztiak baitira klase feminismo” galdera da ze klase ordea, kamarada?
Naiara Bernal
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!