Herria kalean
Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamairu urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie espetxean dauden Kataluniako buruzagi independentistei. Erabaki horren aurrean, herria kalera atera da eta Prat aireportua blokeatu, trena, metroa eta errepideak geldiarazi dituzte eta Herrialde Katalanetako plazak bete. Hori atzo, astelehena, hilak 14. Protesta gehiago izango omen dira gaur, hilak 15.
Igandean, hilak 13, 883 dekretua indargabetzea lortu du Ekuadorreko herriak. Horrez gain, salbuespen-egoera ere bertan behera uztea lortu dute. 11 egunez kalean borrokan eta protestan aritu dira herritarrak. Hainbat manifestari hil dira bidean, ehun lagun daude desagertuta eta milaka zaurituta eta preso. Jatorrizko herria izan da “paketazo ekonomikoa” deiturikoaren edo erregaientzako diru laguntzak kentzearen aurka egin duena. Nazioarteko Diru Funtsak neurri neoliberalak ezarri nahi ditu Ekuadorren eta horren aurka egiteko atera dira kalera. Igandean bertan ere, 41 bide itxi zituzten Quiton nahiz eta salbuespen-egoeran egon. Jatorrizko herria baketsua da, baina herria eta eskubideak defenditzera atera da kalera.
Lenin Moreno presidentearen eta jatorrizko herri eta mugimendu sozialen arteko akordioa lortu da. Protestak gelditu eta 894 dekretua idazten hasi dira. Lehen puntuak dio 883 dekretua bertan behera geratzen dela. Bigarren puntuak, berriz, dekretu berri bat idazten hasiko direla jarraian eta horretarako Nazio Batuen Erakundearen eta Ekuadorko Apezpikuaren kontseiluaren bitartekaritza izango dute. Ikuspuntu integrala izango duen erregaien diru laguntza politika berria egingo dute, arrazionalizazio, fokalizazio eta sektorializazio kriterioekin, eta ziurtatu nahi dute diru laguntzak errekurtso ekonomiko handienak dituztenek eta erregaien kontrabandistek ez dutela onurarik aterako eta behar dituztenen artean banatuko direla. Dekretu berria osorik atera bitartean, gaurtik aurrera 883 dekretu aurreko prezioetara bueltatuko dira.
Ekuadorreko herriak bataila bat irabazi dio Morenori eta Nazioarteko Diru Funtsari, baina gerra neoliberalak hor dirau. Han eta hemen. Azti ibili beharra dugu eta gogor erantzun. Goazen beraz, kalera!
Alaitz Amundarain
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!