Che, irudi eta eredu
Ez dut oroitzen Cheren irudia ikusi nuen lehenengo aldia, haurtzaroan izan zela bai, 80ko hamarkadaren bueltan, herrian jolasten genuen Gaztetxe ondoko parke inguruan zebilen gazte batek soinean zeraman kamiseta gorrian ziur aski. Kordak egin zion munduari buelta emango zion argazkia, xx. mendeko ikono bihurtuko zena, ikerkerta batzuen arabera munduko irudirik ezagunena. Gogoan dut, ordea, Cheren biografia erosi nuenekoa, ordurako nerabe, hausnarketa politikoari heltzeko egin nuen lehen ekintza konzientea izan zitekeena. Euskal Herriko langile auzo bateko neska gaztea nintzen, klase, herri eta genero zapalkuntza bizi, sentitu eta pairatutakoa, inguratzen zuen mundua iraultzeko egarri zena.
Ernesto Guevara de la Serna 1967ko urriaren 9an erahil zuten Vallegranden, Bolivako armadak militar estatubatuarren ezinbesteko kolaborazioarekin harrapatu ostean. Yankien hitzetan, inbasio atzerritar bat ekidite aldera lagundu zieten boliviarrei (umore inperialistatzat joko dugu adarjotzea). Zozketaz tokatu zitzaion soldadu boliviarrak jo zion tiroa bertan zegoen CIAko kubatar baten aginduak betez: “lepotik behera emaiozu, borrokan zauritua izan balitz bezala”.
Che akabatzeko arrazoi sendoak zituzten boteretsuek, historian zehar munduan barrena beste milaka gudari, pentsalari, borrokalari eta militante desagerrarazteko izan dituzten bezala. Kapitalak bizkor identifikatzen ditu etsaiak, zapaltzaileek eskura dituzten bitarteko guztiak erabiliko dituzte berain interes eta pribilegioak defendatzeko garaian, eta sedukzioa nahikoa ez denean errepresioa baliatuko du. Guevara pentsalari bikaina eta gerrillari fina bihurtu zen, garaipenaren ostean Kubako gobernu iraultzailean parte hartu zuen industria-ministro eta banku zentraleko lehendakari, besteak beste; baina elkartasun- eta justizia-grinak Kongora eta Boliviara eramango zuten laster. Internazionalismoa iparrorratz zuenak ez zuen etsitzeko inongo asmorik, eta horrek egiten zuen, hain zuzen, arriskutsu batzuentzat; guretzat, lubakiaren alde berean gaudenontzat eredugarri egiten duen bezalaxe. Ez gara gutxi izango, Cheren bizipenak aitzakia, haren praktika iraultzailea sustraitzen zuten filosofia eta pentsamoldeetan sakondu dugunok, hainbat belaunalditako gazteak eta ez hain gazteak: errealitatea aztertu eta nonahi gertatzen diren botere harremanak ulertzeko, interpretatzeko eta eraldatzeko tresnak eskuratu ditugunak. Marxismoa, komunismoa eta antiinperialismoa zituen zutabe benetako iraultzailea maitasun sentimendu handiek gidatzen dutela defendatzen zuen argentinarrak.
Tiroz saiatu zirenek ez zuten agian pentsatu mundu garaikideko irudi hilezkorrena sortzen laguntzera kondenatuta zeudenik. Parkean kalimotxo eta ke usain artean irudi horrekin hazi garenok noizbait eredu bihurtuko zitzaigula ez genekien bezalaxe. Izan ere, Cheren borreroek haren irudia desagerraraztetik urrun, ezin izango dute sekula haren eredua nonahi, noiznahi birsortzea ekidin. Galeanok eskutitz batean idatzi zuen bezla: “Zergatik du Chek behin eta berriz jaiotzeko ohitura arriskutsu hori? Zenbat eta gehiago iraintzen, manipulatzen eta traizionatzen duten, orduan eta gehiago sortzen da.”
Adiorik ez, komandante.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!