“Pentsio-planak, neoliberalismoaren iruzurra” -Josean Bueno Saez de Albeniz-
Gaurkoan Josean Bueno Saez de Albenizek bete du gure iritzi tartea.
“PENTSIO-PLANAK”, NEOLIBERALISMO ASEEZINAREN BESTE IRUZUR BAT
Europar Parlamentuan pentsioen inguruko eztabaida dago egun. Abiapuntua oso kezkagarria da: ez zaie Europako estatuei exijituko herritarrentzako pentsio sistema publikoa bermatzea. Izan ere, aspalditik gerra bat zabalik dago pentsio sistema publikoaren aurka. Zergatia azaltzea nahiko erraza da: pentsio sistema publiko on batek pentsio pribatuen negozioarentzat oztoporik handiena da. Eta inbertsio-fondoen enpresek, bankuek eta abarrek botere soberakoa dute beren alde presionatzeko. Antzekoa ari da gertatzen beste esparru askotan, interes pribatuen araberako erabakiak eta irizpideak jarraitzen baitituzte politikariek. Horregatik ahuldu dituzte pentsioak eta beren kalkulu prozedurak aldatu azken urteotan, krisia aitzakia. Gero eta negozio-leku interesgarriagoak zaizkie batzuei oinarrizko eskubide sozialekin lotutako arloak: osasuna, hezkuntza (unibertsitatean era oso argian), pentsioak … Negozio handiak egin nahi dituzte, hori bai, gure kontura, gure segurtasunaren kontura, bizitza duin bat eramateko eskubidearen kontura. Esaten dizutenean: “zure pentsioa publikoa osatzeko plan baten beharra ere badago” beldurra eragin nahi dizute, zure dirua negozioa egin nahi duten horiei eman diezaiezun. Azken batean, planteamendua zera da, “aurreztu zahartzen zarenerako”.
Oso garrantzitsua da desberdintzea nola funtzionatzen duten pentsio publikoek eta pribatuek (BGAE-EPSVak). Pentsio publikoek zure ekarpenen eta kotizazio urteen araberako hileroko dirusaria bermatzen dizute, bizi zaren artean (urte gutxi ala asko): hori da benetako pentsio bat, hilerokoa. “Pentsio-planak” (BGAE-EPSVak), ordea, ez dira gauza bera. Zeuk jarritako diru kopuru hori baino ez dizute itzuliko, inbertsio horri dagozkion interesekin: ez dira hileroko “soldatak”, ez “pentsioak”; jakina, negozio bat dira, ez zerbitzu soziala! Izena bera (“pentsio-plana”) engainagarria da. Egiatan aurrezteko modu bat dira, zure diru hori beste batzuek gestiona dezaten zuk erretiroa hartu arte. Zergatik deitzen dute hain erraz “pentsio-plana”?
Eta zergatik bultzatzen dituzte honelako BGAE-EPSV fondoak administrazio publikoek? Izan ere, zerga onurak jartzen dizkizute horietan dirua sartzean (kontu tranpati samarra, dirua berreskuratzean zergak bai galanki ordaindu behar baitira). Gainera, administrazioek beraiek egiten dizkiete askotan beren langileei honelako fondoetarako ekarpenak. Zer interes dute fondoen gestio pribatuan? Zer interes dute horiexek, hain zuzen ere pentsio publikoak zaindu eta bermatu beharko lituzketen horiek? Argi dago gehiengoaren interesa ez dela defendatzen ari, eta mezu argia eman nahi dutela pentsio pribatuak bultzatzeko. Batzuen negozioaren araberako politikak egiten dituzte honetan (eta beste kontu batzuetan, noski).
Egoera honetan poztekoa da Euskal Herriko kaleetan pentsionistak protestan ikustea, pentsio publiko duinak aldarrikatzen; eta era berean esperantzagarria da erakutsi duten antolatzeko ahalmena eta kemena; orain berea ari delako jokoan, baina, funtsean, zahartzeko esperantza dugun gu guztiona ari baitira defendatzen.
Hemen entzungai:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!