“Bizitza erdigunean jartzea, burujabetza kontua da” -Bilgune Feminista-
Kapitalismoaren ziklo berrian sartu gara eta sistemak adierazten du, konplexurik gabe, gutxi batzuentzat soilik dagoela lekua. Bizi baldintzen okertze orokortua normalizatzen ari gara sistema heteropatriarkal kapitalistaren baitan. Izan ere, egiturazko prozesu gisa ulertu beharrean, norbanakoon akats gisa ulertarazi nahi dizkigute zapalkuntza eta esplotazio egoera horiek. Bizitzen prekarizazioen ezaugarri nagusia da bizitzeko beharrezkoak ditugun baliabideak lortzeko etengabeko segurtasun eza.
Egoera horretan ugaldu dira kontra-boteretik sortutako borroka sozialak. Hori erakusten dute iazko mobilizazio historikoek. Esamolde batek dio «aurrera goazelako egiten dutela zaunka» eta hala ikusten ditugu sistemaren zaindari guztiak, zaunkaka, altxatzen ari garenon bidea eteteko asmoarekin. Faxismoa lozorrotik esnatu da jarrera xenofoboak, arrazistak, matxistak, supremazistak edo frankistak ongi lotzeko eta zilegi egiteko.
Gure inguruan eskuin-muturreko alderdiak hedatzen ari dira sistema babesteko xedearekin, gobernua eurena egiten. Jo-puntuan jarri dituzte, besteak beste, emakumeak, feministak, errefuxiatuak, migranteak, independentistak, langileak, transexual eta bollerak. Faxismo garratzaren erruduntzat hartu gaituzte. Guk ozen diogu, baietz, hemen gaudela eta dagozkigun bizitza burujabeak borrokatzearen errudunak garela. Aspaldi etorri ginen, geratzeko. Horregatik guztiagatik, aurten ere greba feministara goaz martxoaren 8an! Iazko argazki historikoen ostean, gehiegitan entzun dugu hura aparra izango zela. Guretzat, aldiz, ez du atzera bueltarik borrokaldi hartan sentitu eta ikasitakoak!
Batetik, elkarrekin jendarte berri bat imajinatu dugu eta, horrela, aurre egiten ari gara marraztu nahi diguten etorkizun beltzaren distopiari zein alternatibarik ez dagoela dioten sinesmenei. Jabetu gara feministok gai garela eraldaketa mugiarazteko, bagarela nor. Izan ere, Marina Garcesek dioen moduan, «emantzipazioa bilatzen duten politikak beti izan dira irudimena ereiteko lekuak». Horrela, Mugimendu Feminista agertu da sistema menperatzaile, patriarkal, kapitalista, heteroarautzaile, misogino honen aurrean eraldaketarako eta konfrontaziorako subjektu politiko nagusi gisa. Iaztik biziagotu egin da erakundeekiko nahiz balio patriarkalekiko dagoen kontsentsu soziala urratzeko pultsua.
Gainera, hainbat bazter eta tokian tokiko testuinguruak astintzeko aukera eskaini zigun greba modu autonomo, ireki eta deszentralizatuan planteatzeak. Modu horretara, arazo zehatzei ekintza bateratu batekin erantzun diogu. Hori guztia ezin liteke ulertu 70eko hamarkadaz geroztik milaka talde eta kide feministen eguneroko inurri lanik gabe. Etenik gabe aritu ziren (eta ari gara) aliantzak eta babes sareak josten, indarkeriak izendatzen, kaleak zein etxeak astintzen… Haiengatik gara! Horregatik, iraultza honen berme nagusiak belaunaldien arteko elkar begiratzea eta elkar ezagutzea izateaz gain, eguneroko antolakuntza eta borroka feminista ere izango dira.
Feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko. Finean, jendartea eraldatzeko behar horrek burujabetzaren beharra dakar. Guk argi daukagu burujabetza ez dela bulegoetan adosten, estatuetatik baino eguneroko bizitza arruntetik abiatzen dela.
Egunez egun bizitzak erdigunean jarri behar ditugu, bai gure gorputzen gaineko erabakietan, bai denbora eta lanen banaketan, bai aniztasunaren aitortzan edota komunaren defentsan. Bestalde, lurraldean ere sustraitzen da burujabetzaren beharra. Premiazkoa da gure lurraldean erabakitzeko ahalmena berreskuratzea botere korporatiboen zerbitzura dauden bi estatuen aurrean. Beraz, burujabetza feministak lotura zuzena du Euskal Herriaren autodeterminazio eta aldaketa prozesuekin.
Horrek herritartasun eredu berriak irekitzeko aukera dakar eta elkarren artean harremanak dituzten pertsonak bihurtzea eskubideen subjektu, eskubideak enpleguari, ezkontzari edo jatorriari lotu ordez.
Ez dira gutxi ezkerrak dituen desafioak: autoritarismoaren gorakadak markatutako hauteskundeak, estatuetako lurraldetasun krisi eta inboluzio sozialaren aurrean burujabetzan sakonduko duen alternatiba eraikitzea, kolapso egoerara doan zibilizazioari trantsizio bat eskaintzea. Horietan guztietan, ezinbestekoak dira emakumeon* parte-hartze politikoa, oinarri feminista duen herri proiektua definitzea eta mugimendu feministaren mintzakidetza. Lehentasun kontua da.
Feministok etxeko lanak egiten gabiltza: boteretzen, antolatzen, proposamen politikoak eguneratzen, aldarrikapenak biltzen eta, beharrezkoa denean, auto-kritika egiten. Jarraitu dezagun gauero iraultza feminista amesten. Jarraitu dezagun egunero iraultza feminista antolatzen. Iraultza gugan da, iraultza gu gara, feministok grebara!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!