“Kapitalismoa eta aisialdia” -Oier Azkarraga-
Gaurko iritzi tartea Oier Azkarragak burutu du, Kapitalismoak bultzatzen dituen aisialdi ereduei buruz.
Azken aste honetan, Zuiako Gaztetxean, pare bat eztabaida mamitsu izan dira. Bata drogen erabilerari buruzkoa, bestea joko aretoen eta apustuen ingurukoa. Biak ala biak, aisialdi ereduari dagozkionak, biak ala biak, gazteok eta herritarrok ditugun problematiken inguruan.
Nahiz eta oso jende anitza bertaratu zen bi horietara, adostasun zabaletara heltzeko gaitasuna izan genuen. Bai bata eta bai bestea, kapitalismoak inposatzen digun aisialdi eredu kontsumistaren adibide garbiak dira. Biak gozamen eta asetze azkarrerako bide, mundu gero eta azkarragoan.
Bizitzea tokatu zaigun garai hau depresioen, bakardadearen, eta etsipenaren garaia da. Gero eta bakarrago sentitzen gara. Sistemaren gaitz horiek pandemia bezala zabaldu dira, birusa bailiran, baina nola ulertu depresioa bezalako gaixotasun batek pandemia gisa zabaltzea? Buruko gaitzak ez dira kutsakorrak, ez dira birusak eta ordea denok dugu horrelako bat.
Sistemak ordea ez dio gaitz hauen oinarrietan dagoen arazoari eusten. Oinarri horiek klase ezberdintasuna, prekarietatea, sistema neoliberala bera direlako. Horren ordez ondorioei erreparatze die. Horretarako medikamentuen, droga legalen, bitartez negozio paregabea eginez.
Gizarte adormilatua behar eta nahi dute, horretan ematen dute euren indarren gehiena. Jendarte bat nahi dute non jendea bere egunerokoan preso sentitzen den, preso dagoela ulertu gabe. 80. hamarkadan heroinarekin bilatu zutena, gaur porroekin edota alkoholarekin lortzen ari dira.
Puntu inkonformista eman diote droga hauei eta bere kontsumitzaileak bihurtu kapitalismoaren erreproduktore perfektuak. Konturatzen ez garen birsortzaileak, egun osoa adormilaturik eta sistemaren erraminten defendatzaile sutsu.
Kapitalismoak herritar pasiboak nahi ditu, zapalkuntzen aurrean ahotsa altxatuko ez duten herritarrak, alternatibarik ez dagoela sinisten duten herritarrak eta bitartean pilulatxoa hartu eta aurrera egingo dutenak.
Arazoa ordea ez da norbanakoarena, arazo kolektiboa da bizi duguna. Eta arazo kolektibo gisara, konponbidea ere kolektiboa behar du izan. Ez du ezertarako balio etxean sartu eta gure penetan itotzea.
Irtenbidea antolakuntzan eta borrokan dugu, herri langilearen batasunean inposatzen diguten norbanakoen mundu horren aurrean. Alternatibak eraikitzen eta indartzen hasi behar gara, kultur alternatiboa, aisialdi eredu alternatiboa, baina bereziki sistema alternatiboa. Sistema kolektibo bat behar dugulako, ez duena inor bidean utziko.
Behar duguna ez delako psikologo bat, bakoitzak berea, behar duguna mugimendu indartsu bat da. Norbanakotik atera eta kolektibora jo. Indar askatzailea izan gaitezen, mundu askatzailea eraiki dezagun.
Hemen entzungai:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!