“Ispiluaren teoria” -Jon Basaguren-
Gustuko musika taldeen lorpenak gure bezala bizi ditugu askotan. Ez agian futbol taldeekin gertatzen den neurrian, baina ia. Gure alter-ego talentudunago eta ausartago bat balira bezala gurtuz.
Hori bai, huts egiten digutenean ez diegu barkatzen. Izan daiteke azken diskoan estiloz aldatu dutelako, jarraitzaileoi aurretiaz zirkular bidez abisatu eta iritzia eskatu gabe. Edo elkarrizketa batean iritzi erradikalegia (edo ez behar bezain erradikala) irakurri diegulako. Baita zirkuitu ideologikoki onargarrietatik ateratzen direnean ere, nahiz eta beraiek haien mezua eta musika jende gehiagorengana iristeko dela argudiatu. Diru eta ospe bila egingo dutela susmatzen dugu guk berehala.
Nonbait entzun nuen teoria psikologiko bat etorri zait burura honetan guztian pentsatzen ari nintzela. Dirudienez, gustatzen ez zaizkigun jarrerak edo izaera zantzuak gure parekoarengan ikusi eta deseroso sentitzen garenean, gugan ere horiek berak edo antzekoak identifikatzen ditugulako da. Gustatzen ez zaizkigun gure izaeraren parte horien isla direlako.
Premisa horretan oinarritzen da, gutxi-gorabehera Jaques Lacan psikiatra frantziarraren ispiluaren teoría.
Agian horregatik suminduko gaituzte hainbeste gure artista fetitxeen traizio txikiek. Idealizazioaren lilura hautsi eta eurengan islatuta ikusten ditugulako geure inkoherentziak eta akatsak. Haien kontraesanak geureak ere badirelako.
Jon Basaguren
Soinu banda: Kuraia – Ni ere
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!