“Bizitza aurrera doa” -Jaione Agirre-
Irailaren hasieran gaude eta, nola ez, topikoetara joko dut izenburua ikusita. Baina buelta txiki bat ere eman nahi diot.
Uztailaren 31n mundua bukatzen dela jakina da. Arrazoi bat edo bestea medio, abuztuan lan egin izan dugunok badakigu, hala ere, ez dela egia eta abuztuaren 1ean munduak bere lekuan jarraitzen duela bueltaka eta, beraz, ez dela egia irailaren 1era itxaron behar berriro has dadin.
Garazi Arrularen iritzi artikulu bikain bat irakurri berri dut, oporretatik bueltan egunerokotasuna itzultzen delako eta aldi berean oporretan “ezkutuan” izan ditugun “dinosauroak”. Zelako arrazoia daukan! Dinosauro mingarriz beteta dago egunerokotasuna! (beste gauza batzuez gain, noski). Egia da ere, oporretara joaten garenean, aparailu elektronikoen on–off teklarekin egiten dugun antzera jokatuz itzaltzen eta pizten dugula egunerokotasun hori.
Zoritxarrez, gu off egon arren munduak aurrera dirau eta abuztu hau dinosauro itsusiz beteta egon da, urteko beste 11 hilabeteak bezala:
Langile gehiago hil dira lanean, prekarietateak bultzatutako istripuetan (oporraldian handitzen dena, edo lana pilatzen delako gutxiagoren eskuetan edo kontratu berri eta lotsagarriro labur eta eskasen bidez “konpontzen” delako). Horrela zendu zen, Correos-eko langile bat moto istripuz (diotenez, bere deskuidoz, lanak eskatutako presak direla eta), gure lankidea izan zena urte askoan.
Emakume gehiago izan dira kolpatuak eta erailak oporraldian eta bestelako matxismoek ere aurrera egin dute. Nola konponduko ditugu zapalkuntza garrantzitsuak, gerra txikiak egunero borrokatu behar ditugunean? Serena Willimas-i Frantziako federazioaren buruak praka luzeekin jokatzea kritikatu zion duela 15 egun eskas (berak umea izan eta gero jokatzeko erosoago zituenak), eta handik egun batzuetara tutua jantzita agertu zen pailazokeriaren aurrean protesta gisa.
Memoria historikoaren kartelak esprai beltzez estali dituzte Gasteizen, Senda ibilbidea eta Mauel Iradier kaleetan, Francok egin zituenak agerian egon ez daitezen (zeren, ez gaitezen engaina, jakin badakizkigu gehiago edo gutxiago).
Inmigranteen arazoak hor darrai eta orain gobernua ez da azaldu duela hilabete pare bat bezain “eskuzabal” haiek onartzeko, antza, gizateriaren arazo bat izateari utzi dio.
Abuztua sarritan izan da lege inkomodoak aurrera ateratzeko garaia, legez kanpoko obrak egitekoa (ondarea txikituz), baina horrek egunero era sakonagoan ditugun beste arazo batzuk baino ez ditu agerian jartzen: adibidez, prostituzioaren inguruan lan oso sakon baten beharrean gaudela.
Ez dut jarraituko zuek ez aspertzearren, baina nik argi dut, zoritxarrez, gure oporrak opor (eta beharrezkoak ditugu benetan), bizitzak eta munduak aurrera dirauela eta arazoak ez direla berez desagertzen, Garazi Arrulak zioen moduan, hor jarraitzen dutela.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!