“Ekin eta jarrai” -Patxi Goenaga-
“Ekin eta jarrai” da Euskaltzaindiaren sortzetiko goiburua: euskarari ekin eta jarraitu bide horri esango bagenu bezala. Goiburu ederra iruditu zait beti, batez ere, gurea bezalako erakunde beneragarri, pausatu, zuhur eta jakitetsu bati gagozkiola kontuan harturik.
Euskaltzaindiak, goiburu horri eutsita, ehun urte egin ditu, Eusko Ikaskuntzak bezala. Joan den San Prudentzio jaietan Arabako Foru Aldundiak bi erakundeak zoriontzeko asmoz, Arabako domina eman zien biei. Arabako jai nagusietan Arabako gizarteak eskainitako omenaldia.
Ekitaldi hark gogoetarako aukera ere eskaini zigun. Galdera bat behintzat ezin uxaturik ibili nuen bilkura ilustre hartan egon nitzen denboran eta geroago ere. Galdera hau zen: garai hartako erakundeei, diputazioei alegia, hizkuntzaz arduratuko zen erakunde bat sortzea eta abian jartzea okurrritu ez balitzaie, zertan izango zen gure hizkuntza gaur? Egia da, ‘okurritu ez balitzaie’ diogunean baldintza kontrafaktual bat eraikitzen ari garela: gertatu ez denaz balizko mundu bat sortzea alperrikakoa izan liteke, zeren azkenean, zorionez edo zoritxarrez, egitateak dira, facta direlakak dira munta dutenak. Egitate izan ez direnak, zorionerako edo txarrerako, ez dute kontatzen: direnak dira eta izan zitezkeen baina izan ez direnek, ez dute balio. Ez dute balio? Bai, balio dute. Hain zuzen, egitate direnak behar bezala baloratzeko eta estimatzeko. Alferrikakoak dira, noski, contrafacta direnengatik geure buruak zigortzea, baina gertatu diren egitate positiboez jakitunago izateko balio beharko digute. Hain zuen, zorionez, garai hartako erakundeek argi ikusi zuten egin beharrekoa, bide ez ezagun bati ekin zioten, eskuzabaltasunez, buru argiz eta erantzukizunez. Euskaltziandiaren helburua zen eta da, hizkuntza literario bat eratzea, moldatzea, edo nahi duzuena. Eta ehun urte hauetako lana hor daukagu. Euskara baturik gabe, adibidez, ikastolak zer tan izango ziren. Inork gutxik sinistuko zukeen garai hartan, ehun urte geroago orain ikusten diugun bezala ikusiko genituenik. Euskara batua egitate bat da. Euskara batuak bide eman dio gure hizkuntzari hezkuntza munduan mugitzeko, hasi haur eskoletatik eta unibertsitateraino, administrazioan, komunikabideetan, literaturan. Euskara baturik ezean –eta hau ere kontrafactum-a litzaeke-, akabo dena! Ehun urte honetan egindako lana erabatekoa izan da. Euskara batu izeneko horrek, hasieran bidegorabeheratsua izan zuen, normala den bezala, Baina azkenean bide zuzenarekin asmatu eta bide hori, gainera, hein handi batean egina utzi. Orain beste langintza batzuk datozkigu.
Baina bideari jarraitu bai baina zer bide egin nahi den ere pentsatu beharko da. Hurrengo ehun urteetarako agenda prestatu behar. Hemen ere ekin eta jarrai. Eta uste dut orain puntu horrtantxe gaudela.
Euskaltzaindiak ezin ditu errealitatearen aurrean begiak itxi eta hemen ezer pasatu ez balitz bezala jaarraitu. Arabako diputatu nagusiak bere hitzaldian aipatu zuen kontzeptu bat ezin dut gogoratu gabe utzi: etorkizuneko agendak auzolana izan behar du goiburu, auzolanean ekin eta jarrai esango bagenu bezala. Euskararen esparruan zerikusia duten guztiak hartu behar ditu kontuan euskalgintzak. Euskarak denon beharra du, gaur inoiz baino gehiago: euskaltzainak hor gaude, baina euskara herri baten, komunitate baten ondasuna da, denoi dagokiguna, eta denok dugu geure hizkuntza horrekiko arduraren bat. Ekitaldiaren ostean eskaini zizkiguten mokauen artean hoberena zein zatekeen aukeratu ezinik genbiltzala, beste euskaltzain bat hurbildu zitzaidan eta diputatuak eraibili zuen hitza gogorarazi zidan. Hark ‘en vereda’ aipau omen zuen. Nonbait lehenbiziko aldiz entzuten zuen eta, harrituta. Azaldu nion Araban hitz hori oso arrunta dela, auzolana besterik ez duela esan nahi. Baina funtsezkoa iruditzen zait auzolanari bere garrantzia ematea: gehien ahal duenak gehiago, emaitza xumeagoa dagokionak, xumeago, bakoitzak bere neurrian. Eta Euskaltziandiari ere datozen ehun urte hauetan auzolanean aritzea dagokiola uste dut, euskal komunitateak dituen premiei adi egon eta komunitate osoak eskaini dezakeena jaso.
Eta komunitate honetan emakumeek bere rola eskuratu nahi duelarik, gogoeta hau etorri zitzaidan burura azken bi euskaltzain berrien hautaketa gogoan nuela. Izan ere, bi euskaltzain berri hautatu behar ziren: bata Arabaren izenean edo, eta bestea Gipuzkoaren izenean. Baterako bi hautagai aurkeztu zituzten, bata emakumea eta bestea gizonezkoa. Bigarrenerako, bakarra, emakumea. Hasiera batean pentsatu nuen polita zatekeela, eta zentzuzkoa, bapatean bi emakume gehiago ikustea euskaltzainen zerrenda ohoretsuan, ez nolanahikoak gainera. Baina hara non Arabako hautagaietatik gizonezkoa izan zen hautatua. Gipuzkoatik, hautagai bakarra zenez, emakumea, berau izan zen hautatua. Bide batez, zorionak biei eta lan handia opa diet. Baina tristura sentitu nuen, zeren Euskaltzaindia oraindik urrun baitago gizon eta emakueen arteko parekidetasunetik: aulki asko bete litzakete oraindik emakumeek. Azken hautaketaren ondorioz, 24 euskaltzainetik 6 besterik ez dira emakumeak. Datozen ehun urte hauetarako utzi beharko da. Guk ez dugu ikusiko baina beste batzuek, pentsatzen dut baietz. Egia da Euskaltaindiak ustez egokienak hautatzen dituela, horretarako eskubide osoa duela, euskaltzain bakoitzak baduela bere hautua egiteko eskubidea. Baina ez al da iritsi dagoeneko desberdintasunak albora utzi eta eskuz-esku aritzeko. Lehengoan entzun nion norbaiti esaten, hemendik aurrera gizartean atzera bueltarik ez duela emakumeen errol gero eta funtsezkoagoak. Ez dakit batzuk horretaz konturatu diren. Niri behintzat oso susmagarria egiten zait azken urteetan egin diren emakume hautagaien proposamen guztiak albora utzita ikustea Euskaltzaindian. Uste dut honek gogoetaren bat merezi duela. Euskalgintza eta Euskaltziandia bera ere, auzolan kontua da: zerbait eskaintzeko daukanak eman beza eta eskatzeko daukagunok ere eska dezagun. Oraingoan ere, ekin eta jarrai.
Patxi Goenaga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!