“Urtebete” -Oier Azkarraga-
Jarri gaitezen hausnartzen, zer egin dugu azken urte osoan? Zer egin dugu azken 12 hilabeteetan? Azken 48 asteetan? Azken 365 egunetan? Azken 8760 orduetan? Azken 525.600 minutuetan? Azken 31.536.000 segundoetan?
Urte bat azkar pasatzen da diogu askotan, oso motel beste batzuetan, baina konturatzeko kanpai-hotzek berriro ere urte bat pasatu dela oroitarazten digute, mahatsak jan, kopatxoa edan, purutxoa erre eta urte berriari aurre egiteko prest gaude.
Baina bada joku bat, jolastu gaitezen: Non uste duzu egongo zarela datorren asteazkenean? Eta Martxoaren 20an? Eta Abenduaren 31an? Eta datorren urteko otsailaren 10ean?
Julenek badaki, espetxean. Urtebeteko espetxe zigorra rotulki bat hartu eta pareta batetan idazteagatik. Urtebeteko zigorra, rotulki hori hartu aurretik, eta ostean, gazte mugimenduan antolatuta egoteagatik, herriaren alde lerrokatzeagatik. Urtebeteko zigorra euskal gazte konprometitua izateagatik.
“Urtebete eman beharko dut kartzelan, espetxean hamarkadak daramatzaten euskal herritar ezberdinekin alderatuta, gaitzerdi.” Irakurri diot eta odola hoztu zait zainetan. Ze herri gogorra dugun, ze errez ohitu garen injustizietara, ze errez dena asumitzera, ze erraztasunarekin jarraitu dezakegun gure bizitzarekin eta elur bolak botatzera joan lagunekin, Amurrioko gazte bat urtebetez espetxera doan bitartean.
Eta nik ezin dut, ez dut indarrik, ez dut indarrik irrifar egiteko, ez dut indarrik inguruan ezer pasako ez balitz bezala jarraitzeko, ez dut indarrik lagun bat, beste bat, espetxera nola doan ikusteko, ez dut indarrik zerrenda luze honetan beste preso bat markatzeko. Ez dut indarrik hau guztia gertatzen ari den bitartean horretarako guztirako indarra dutenak aguantatzen jarraitzeko.
Baina badut indarra, gogoa eta kemena, Julenek kalean uzten digun espazio huts erraldoia okupatzen jarraitzeko, gurea dena ozen aldarrikatzen jarraitzeko, injustizien aurrean zutunik jarraitzeko eta mahaiaren gainean kolpea ematen jarraitzeko.
Badut indarra, dena galdutzat eman duen herri baten aurrean, dena irabazteko dagoela aldarrikatzeko, eta badut indarra antolatzen jarraitzeko, etsipenari aurre egiteko, hitz handietan erori ez eta ekintza txikietan oinarritzen jarraitzeko. Badut indarra errotulkia hartu eta Julenek egin bezala, etorkizuna margotzen jarraitzeko. Eta gorriz, isuritako odol guztiaren gorriarekin, GORA JULEN ETA JULENTARRAK! Idazten, esaten, pentsatzen eta sentitzen jarraitzeko.
Oier Azkarraga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!