“Unibertso paraleloak” -Koldo Alzola-
Lehengo batean euskaltegiko ikasleekin solasean batek galdetu zidan ea Alfred Hitchcock-en zalea ote nintzen. Hasieran harritu egin nintzen bere kezkaz, baina berehala jabetu nintzen kamisetako paparrean serigrafiatuta neraman Mikel Laboaren erretratuaz itauntzen ari zitzaidala. Galdetzaileak ez zuen, nonbait, arrastorik Donostiako bardoa nor zen; elementu erabat arrotza baitzen bere erdal ekosisteman. Ordura arte uste nuen tarte handi batek banatzen zituela bere mundua eta nirea, baina ditxosozko hanka sartzetik aurrera ohartu nintzen mundu ez, unibertso ezberdinetan bizi ginela, espazioa eta denbora partekatzen duten bi unibertso ezberdinetan. Baliteke, baina, bi unibertso horiek banatzen dituen muga, nolabait, iragazkorra izatea; baina, hala bada, norabide bakarrean baino ez da; izan ere; euskararen mikrokosmoseko biztanleok, elebidunak garenez, erdal makroespazioan gertatzen denaren berri ere badaukagu. Aldrebesko interesa, ordea, nekezago gertatzen da.
Hala ere, gutxitan, baina batzuetan, gerta daiteke unibertso paralelo horietako konstalazioetan biraka dabiltzan argizagien arteko elkarreragina. Iragan igandean ikusi ahal izan genuen. Anoetako futbol zelai gainean, une batez, bi astrok bat egin zuten. Batetik, erdal makrokosmoseko izen argitsuena, Leo Messi; bestetik, euskal unibertso txikiko izar disdiratsuenetako bat, Maialen Lujanbio. Lehena, galtza motzetan baloi baten atzetik korrika ibiltzeagatik planeta osoan ezaguna; bigarrena, hitzak maisutasunez josteagatik euskaldunon artean mirestua. Hernaniarra Erreala eta Bartzelonaren arteko norgehiagokan ohorezko sakea egitera gonbidatu zuten. Orduantxe eman zion bostekoa jokalari argentinarrak, adeitasun hutsagatik, bertsolari txapelduna nor zen ere jakin gabe, ia segurtasun osoz. Anekdotaren lekuko izan diren euskaldunen artean ez da izango aurrelari blaugrana nor den ez dakienik; aitzitik, ikusle erdaldun askok harriduraz galdetuko zioten euren buruari nor ote zen Messiren ondoan kantari ari zen neska hori. Erruki diet erreferente bakartzat esfinterren kontrola galdu gabe bi hitz nekez lotu zitzakeen futbolaria daukatenei, eurena baino askoz unibertso aberasgarriagoa ari dira galtzen oharkabean.
Koldo Alzola
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!