“Korrikaren kontrako manifestu anputatua” -Iban Zaldua-
“Gaur, txubaskeroa jantzi, eta Korrikaren kontrako manifestu bat irakurriko dizuet. Has nadin:
Alde batetik, Korrikaren aurka nago jarduera nekagarria delako, fisikoki nekagarria alegia. Santi Leoné idazle nafarrak ironikoki esan duen bezala, ‘Euskara ikastera ez ezik, kirola egitera ere behartzen gaituzte’. Eta ni, sedentariotasunaren aldeko porrokatu naizen heinean, mugitzera eta izerditzera behartzen nauen ororen kontra nago, printzipioz. Euskaraz aritzea, gurea bezalako gizarte diglosikoan, nahikoa nekagarria izango ez balitz bezala, berez…
Beste alde batetik, eta horrekin lotuta, Korrikaren kontraesankortasunak harritzen nau pixka bat: Gasteizen, behintzat, festa eta farra egiteko aitzakia ez bereziki ezkutua bihurtu da Korrikaren igarobidea, zeina, ez kasualitatez, ostegun “unibertsitario” arretxetar batean kokatzen baita ia beti. Kirola gehi mozkorraldia, beraz? Bizitza sanoa eta bizioa, batera? Ze mezu burmuin-eztandagarri bidaltzen ari gara horrekin guztiarekin?
Hirugarrenik, euskal erromeria aldarrikatzaileen eredura emanda dago, beraz, Korrika, eta, alde horretatik, ez da harritzekoa halakoekin beste ezaugarri bat konpartitzea: Euskal Sinekdokerako joeraren enegarren erakusgarri izatearena, hain zuzen ere. Partea osotasunaren pareko eta ordezko egitea ohikoegia dugu euskaldunok, kasu honetan AEK erakundeak antolatzen duen jarduera bat Euskararen Aldeko Ekitaldi Orokor bihurtzearena. Alde batera utziz, AEKz gain, euskalduntze-alfabetatze alorrean badaudela, Gasteizen bertan, IKA bezalako sareak edo Udaberria bezalako euskaltegiak, edo Hizkuntza Eskola Ofiziala bera. AEKrena euskara ulertzeko (eta euskara irakasteko) moduetako bat besterik ez dela ahaztea eraman gaitzakeen zerbait, azken finean.
Edonola ere, Korrikaren kontra aritzeko nire argudio nagusiak itxurakeriarekin du zer ikusia: nola, ospakizunean parte hartze hutsarekin, gure barrenak garbitu eta euskararen alde gaudela berresten dugun, izerdi pixka bat (edo pila bat) botatzearen truke soilik. Ondoren, erdaraz bizitzen jarraitzeko, kontzientzia kargu handiegirik gabe. Ez dut zalantzan jartzen parte hartzaileen borondate ona, ezta gutxiago ere, baina Gasteizen, behintzat, ikustekoa (eta entzutekoa) zen, adin ezberdinetako ikasle jendearen artean, Korrikarako kedada nola antolatzen ari ziren, sistematikoki… gaztelania huts eta ederrean. Ba niri hori, zer nahi duzue esatea, baina…”
Une horretan, aldarrikapen honen lehenengo bertsioaren ozenezko froga moztu dit andreak, ordura arte pazientzia handiaz entzuten aritu dena, eta bota dit segidan: “Arazoa da zu erretxinduta zaudela, Pérez-Reverte edo Marías baten gisa, Korrikak behartu zaituelako zure Gasteizko Irakurle Klub txatxu horren bilera astebete atzeratzera, egun berean tokatzen zirelako biak. Ba izorratu, laztana”.
Eta hor isildu behar izan dut, eta manifestua amaitu gabe utzi. Handik ordu batzuetara, baina, erantzun egoki bat bururatu zitzaidan (niri, erantzunik onenak, galdera jaso eta bizpahiru ordu geroago okurritzen zaizkit beti): zer da euskararentzako eraginkorragoa, euskararen aldarrikapen ekintza sinboliko erraldoi eta guztiz autokontziente bat (baina aldi berean kontraesanez betea)? Ala inolako asmo aldarrikatzailerik gabe, baina euskaraz normal-normal egiten den ohiko saio txiki bat…?
Badakit zein den Soziolinguistikaren erantzuna. Eta Soziolinguistikarena beti nagusituko zaiola, bere zama metaforiko guztiarekin, zaharruno erretxinduarenari. Baina, hala ere…
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!