[Iritzia] “Euskal grafia zer den” -Blanca Urgell-
Duela pare bat egun interneten, Zuzeu-n, bere burua euskara irakasle bezala aurkezten duen Beñi Agirre delako baten artikulu bat irakurtzen ari nintzen, “Identitate estereotipoak eta umorea” izenekoa, “Euskalduna naiz eta zu” programa polemiko ospetsuaren harira. Gaiak nazkatu eta amorratuta nengoen ordurako, baina, badakizue, morboak katibatzen gaitu batzuetan.
Irakurtzen ari nintzen, bada, eta hara non honako esaldi hauekin topo egin nuen: “Esan gabe doa ez nik, ezta euskaldun gehienok ere, ez genukeela onartuko espainiarren identitatea iraintzea familia izen edo antroponimiakoak baliatuz. Nahiz eta eurek lizentzia historikoa hartu izan duten euskal abizenak desitxuratzeko sistematikoki: Agirre beharko lukeena Aguirre inposatuz edo Zubiri frantsesez Çubiri ematen dutenean”. Ai, ene! diot nik.
Beñi estimatua: Aguirre idazkera eta Çubiri idazkera ez dizkigu inork inposatu: guk geuk erabili ditugu, nahita, gutxienez XIX. mendearen bigarren erdialderaino. Mende hartan euskaldun batzuei —kanpotar zuhur gehiagori bezala— otu zitzaien ga, go,gu era batera eta gue, gui bestera idaztea ez zela ona, eta berdin ça, ço, çu, ce, ci eta hitz bukaeran z-z idaztea ere ez zela zentzuzkoa; hortik dator, azken batean, euskarak izatea Europako grafiarik logikoenetakoa: idazteko tradizio gutxi eta zatikatua izanik, azkenean XX. mendean horrelako ideia zuhurrak garaile irtetetik eta gure grafia modernoa berri-berria eta zentzuzkoa izatetik.
Tradizio handiaren pisutik libratu ezinak desegoki bilakatu du, alderantziz, ingelesaren grafia, adibidez. Denok dakigu ingelesez idaztea eta ahoskatzea ez datozela bat, eta letrek —batez ere bokalek— ahoskera aldatzen dutela hitz batetik bestera. Halere, ingelesdunek tradizioari atxikita jarraitzea nahiago izan dute, honek hizkuntzaren irakaskuntzan daukan eragina gorabehera. Gai polemikoa dute, noski, baina askorentzat grafia ustez “desegoki” hori ingeles grafia da, eta ezin da bestela izan euren ustez.
Beraz, Beñi estimatua, Aguirre eta Çubiri antzinako grafia horiek, nahi bezain desegokiak izanik ere, oraingoak bezain euskal grafiak dira: euskal grafia zaharrak, nahi bada, baina euskal grafia, dudarik gabe. Azken batean, ikasleei esan ohi diedanez, euskal grafia da euskaraz idazteko euskaldunok, noiznahi dela eta nolanahi ere dela, euskara idazteko erabili duguna edo erabiltzen duguna.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!