Ongi etorri auzora, Eva
‘Eva Forest Liburutopia’ izeneko kafe-liburudendak bere ateak zabaldu berri ditu Gasteizko alde
zaharrean. Ekimenaren izenak izana salatu eta sena aitortzen badu liburuak protagonista dituenak
utopia ortzimuga argi eta Eva Forest goiargi ukaezin.
1975eko martxoan Madrilgo Yeserías kartzelan zera idazten zuen Evak: “lurreko kondenatu eta
esplotatutakoekin betidanik sentitu dut elkartasuna nahiz eta benetako konpromisoa Bolivian
gerrillari bat akatu zutenean hartu nuen”.
1928an Bartzelonako familia anarkista baten magalean jaioa ia 11 urte izan arte ez zuen eskolarik
zapaldu Evak, altxamendu faxista bat eta gerra batere zibil batek igurtzi zizkion ordea muin eta
burmuin heldugabeak.
Forest gazteak medikuntza ikastea erabaki zuen sufrimendu zein oinazeekin amaitzeko grinez
akaso. 50. hamarkadan aldiz erraiak kutsatu zizkion kontzientzia sozial eta politikoak karrera
amaitzear zuela berau alde batera utzi eta konpromiso politiko eta militantean guztiz murgiltzera
eraman zuen.
Alfonso Sastre idazle eta antzerkigilea izan zuen bikote eta bidaide. Diktaduraren aurkako protesta
baten parte hartu ondoren Alfonsoren atxiloketaren ostean elkarrekin Parisera abiatu ziren
denboraldi batez, bertan Evak, 1956ko unibertsitateko aldarrikapen antifaxista haietatik tiraka bere
lehen eleberria idatziko zuen, “Febrero” izenekoa.
Madrilen atzera 1962an meatzari Asturiarren grebari babesa eskaintzen zion emakumeez
osatutako manifestazio bat antolatzearren kartzelan sartu zuten lehenbiziko aldiz Forest hilabete
batez bere alaba jaioberriarekin batera.
Kubara ere abiatu zen prozesu iraultzailea eta erresistentzia antinperialista bertatik bertara
ezagutu nahian. Horretarako 1966an Sierra Maestran hilabete batzuk eman zituen nekazariak
elkarrizketatuz eta jasotako testigantzak batuta ‘Los Nuevos Cubanos’ liburua argitaratu zuen,
noski espainiar estatuko zentsurak debekatuko zuena. Bidai hartatik bueltan Vietnam aurrena eta
Euskadirekin elkartasun komiteak ostera ere sortu zituen.
1974an Julen Agirre goitizenarekin “Operación Ogro” liburu ezaguna idatzi zuen Evak. 1979an
pelikula bihurtuko zutena Francoren ondorekoa zenaren Carrero Blanco akatzeko burututako
ekintzaren nondik norakoak kontatzen ditu. Hilabete gutxiren ostean atxilotu zuten berriro Forest
ETArekin kolaboratzea egotzita. Hiru urte pasa zituen espetxean epaiketarik gabe 1977ko
amnistian kaleratu zuten arte. Gatibu bizitako garaietan senideei bidalitako eskutitzak liburu bihurtu
eta ‘Diario y Cartas desde la cárcel’ argitaratuko zuten 1975ean Parisen.
Presondegitik atera ostean familia osoarekin batera abiatu zen Hondarribira bizitzera. Ordurarte
Euskal Herrian ematen zen askapen borrokarekin bere elkartasun osoa eskaini zuenak ordutik
aurrera torturen salaketan murgildu zen burubelarri. Bere azalean pairatutakoaz salatzeaz gain
aitortza ugari jaso eta bildu zituen. 1979an TAT edo Torturaren Aurkako Tadearen sortzaileetako
bat izan zen eta literatura sormenean ere egin zion tartea amesgaiztoari ‘Una extraña aventura’
edota ‘Onintze en el país de la democracia’ izeneko idazlanetan.
Ezin aipatu gabe utzi Palestinar edota Irakeko erresistentziak defendatu eta aldarrikatu zituela beti,
Abya Yalan emandako prozesu bolivartarrak goraipatu, edota lehen esan bezala Vietnam eta
Kuban emandako garaipenak eta prozesu zein iraultzak babestu.
Idatzizko hitza ekintzaren berebiziko osagarritzat zuenak Hiru izeneko editoriala eraiki zuen
1990ean, bere hitzetan “garaiko arazoak jomugan jartzeko premiazko materialak” eskuragarri jarri
nahian.
Orduko arazoak dirautelako, urgentziazko materialak oraindik ere beharrezkoak ditugulako,
miresmen osoz eta maitasun handiz, lurreko kondenatuok iraultza zor dizugulako, Eva ongi etorri.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!