Dena merke-merke
Urtarrila bertan dugu jada, 2023ko urtarrila eta dagoeneko amaitu dira ospakizun egun pisutsuak. Bazkariak, afariak, parrandak, poteo amaigabeak… Urtea ondo hasteko asmo onak jartzen dizkiogu gure buruari. Tartean Gabonetan (ere) hartu ditugun kilotxo horiek galtzea, erretzeari uztea, gimnasiora apuntatzea…
Kontsumismoak gure bizitzak betetzen ditu Gabonetan eta urtarrileko hasiera hau ere ez da gutxiagorako. Merkealdiak datozkigu gainera eta dendaz denda arituko gara pagotxaren baten bila.
Merkealdiak ordea, ez dira lehen zirenak. Gaur egun, ia urte osoan zehar topatzen ditugu nolabaiteko eskaintza bereziak, eta interneteko garaiarekin batera, gero eta ohikoagoa da baldintza paregabeekin erostea.
Merkealdiek gure bizitzak hartu dituzte, ez garai berezietan, urte osoan zehar. Merkealdiak dendetan eta merkealdiak gure hautuetan. Merkealdiak gure eskakizunetan. Ahantzi dugu Guevarak zioen esaldi xelebrea: “Errealistak izan gaitezen eta ezinezkoa den hori exijitu”.
Eta hala gabiltza bizitzan, behin amorrarazten gintuenaren parte izan nahian, onartuak izan nahian beste batzuk gure aurka diseinatu duten joko makabro honetan. Azken finean, Hertzainak-ek ostiralean abestu ez zuen bezala: “Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!”
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!