Hiri antolamenduaren altxor marroia
Azken egunetan debate txiki bat piztu da Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra dela eta. Plan Berri honek etorkizuneko Gasteiz hori nolakoa izango den antolatzen du, garrantzitsua inondik inora. Alegia, non eraiki, non ez; hezkuntza, aisialdi edo naturaguneak jaso edo etxebitzak eraiki, publikoak zein pribatuak, edota industriari azalera gehiago eskaini. Begi bistatakoa da azken urteotako hazkundea ez dela oso kontrolatua egon. Auzo berrietan partzela asko hutsik, auzotik auzora distantziak handiak, gaizki konektatuta eta kohesio eskasarekin. Gainera, eraztun berdearen mugaraino heldu da Gasteiz, pare parean eraikiz, haraino joan behar ginen? Bidean lurzorua galdu dugu, baina zer esan nahi du honek zehazki? Zergatik da garrantzitsua? Lurra, zorua, lurzorua, askok zapaltzen dugun hori bezala definituko zenuketena, askoz gehiago da. Nekazari batek, politikari batek, haur batek, ez dute berdin ikusten lurzorua. Lurrazaleko goiko geruza, partikula mineralen, materia organikoaren, ura, airea eta organismo bizien nahasketa batez osatua dagoena.
Lurzoruak asko ematen digu, bertatik lortzen ditugu elikagaiak, han ustiatzen ditugu hainbat baliabide eta bertan jasotzen da gure herentzia kulturala. Lurzoruak gure gizarte eta gure ekonomiari eusten dio. Hala ere ez guri bakarrik, lurzorua ekosistemen parte da eta hortaz izugarriko garrantzia dauka, bertan gordetzen baita biodibertsitate kopuru izugarri altua, eta aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzen laguntzen digulako, besteak beste.
Tamalez lurzorua arriskuan dago, bere erabilera asko aldatu da eta gaur egun lurzorua ez dugu behar bezala zaintzen. Lur asko porlanak estali egin du, ezin arnas harturik, edo kutsatuta edo higatuta ere topatzen dugu. Industriarako erabilia izan den lurzoru bat bere hasierako izatera bueltatzea oso zaila da, ia ezinezkoa denbora laburrean. Hortaz, Lurzorua baliabide urria dela deritzogu gaur egun, ezin dugu galdu edo bukaezina balitz bezala tratatu. Baliabide berriztagarria ez bada, gaur egungo agintariek hau kontutan hartu beharko lukete, eta hurrengo belaunaldietan pentsatu. Zaindu behar dugu lurzorua, altxor bat izango balitz bezala, gure altxor marroia.
Dani Zuazagoitia
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!