Zutaz oroit, Jara
Musikaria, iraultzailea, idazlea, irakaslea, antzerki zuzendaria, argazkizalea, ameslaria, langilea, komunista eta txiletarra. Victor Jara 1973ko irailaren 16ean, 40 urte zituela, erahil zuten militar faxistek gaur egun bere izena daraman estadioko sotoetan. Berarekin batera atxilotuak izan zirenak diotenez, konortea galduaraziko zion hirugarren kulata-kolpea jaso arte, irrifar hutsez erantzun zien bere borreroen galderei.
1973ko irailaren 11an Txileko Santiago Unibertsitatean (orduan UTE), ikasleek antolatutako kartel antifaxisten erakusketa bati hasiera eman behar zitzaion “Por la vida…Siempre!” lelopean. Aurkezpen saioan Txileko presidentea, Salvador Allende, eta partehartzaileen artean Victor Jara. Baina Allendek, kale egin eta La Moneda jauregian igaroko zuen jardunaldi antifaxista indarrez.
Goiz hartan eta Nixonen esanetara, kapitala, inperioa eta faxismoaren aliantzak hiria bonbardatzea zuen zeregin. Hirukote kriminalaren klase interesak defendatze aldera, erasoaren helburu nagusia, neoliberalismo basatia behin betiko ezartzea baitzen. Bide batez pedagogia errepresiboa hedatzea ere ongietorria; eliteek herrion zein langileon askapenerako matxinadak ez zituztela jasaten argi baldin bazegoen, oraingoan modu “baketsu” eta demokratikoak ez zituztela onartuko azpimarratu nahi izan zuten ozen. Zapaltzaileentzako arazoa ez baitzen (ez baita) borroka moldea bera, proiektuaren helburu edota emaitzak baizik. Baina hori jadanik argi daukagu, ezta?
Altxamendu militarraz jakin zuenean Txileko presidenteak La Monedan geratzea erabaki zuen. Ez omen zuen kontraerasorik prestatu, autodefentsari muzin eginez bezela. Salvador Allendek zinez uste zuen indarkeriak ezingo zuela demokrazia garaitu. Ez zuen asmatu. Gobernu kideak jauregitik banan banan atera behar izan zirenean, Allendek ilaran azkena izatea eskatu zien eta bulegoan bakarrik geratu zenean, bere buruaz beste egin zuen, tiro batez. Buruan asmatu zuen.
Bitartean, Jara unibertsitateko zitara agertu zen kitarra eta guzti. Irudiak alde batera utzi eta eredu izatea zegokien orain bertan bildu ziren guztiei. Gau bat igaro zuten eztabaidan eta kantuan atxiltouak izan aurretik. “Yo no canto por cantar” zioen abesti batek beharbada “cuidado con la CIA que viene los gusanos” besteak; edo “de nuevo quieren manchar mi tierra con sangre obrera” akaso. Amandaz oroituko ziren segur aski edo Violeta Parra gogora ekarri; lurra lantzen dutenena dela elkarrekin oihukatu edo Guevarari eskeinitako bertso hilezkorra, “Patria o muerte su destino”, madarikazio bihurtu.
Mingaina moztu eta eskuak txikituko zizkioten bere kantua suntsitu nahian. Lau egunez torturatu ostean akabatu zuten Victor. Ez 1, ez 2, ez 3… 44 tiro. Hileta klandestinoa egin zioten lagun eta bikotekideak. Gorpu biluzia arroparekin batera nitxo batean ezkutatu eta 36 urte luze itxaron behar izan zuten autopsia eta merezi zuen agurra eskaini ahal izateko.
Zure baimenarekin Jara,
lortuko dugu urretxindorren txio artean,
bakean bizitzeko eskubidea,
burdin hariak ebakiz,
irabazi artean.
Naiara Bernal
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!