Uhintifada: Ez zarete ongi eTOURriak!
Israel-Premier Tech taldearen presentzia normaltasunez onartzen badugu, Israelgo zurikeria estrategiaren ideologoak garaile aterako dira, horixe baita haien helburua, Israelgo apartheid erregimenaren anormaltasuna normaltasunez onartua izatea mundu mailan, haren krimen zitalak estaltzeko.
Maiatzaren 9 eta 13 bitartean Israelgo okupazio armadak “Ezkutua eta Gezia” izeneko operazio militarra burutu zuen Gazako zerrendaren kontra. Lau eguneko bonbardaketetan 39 lagun erail zituzten. Erasoaldi odoltsu hark ez zuen apenas oihartzunik izan mendebaldeko prentsa hegemonikoko hedabideetan, izan ere, errepikatuaren errepikatuaz, hain dira ohikoak gisa horretako sarraskiak non albiste izateari ere utzi baitiote. Bitartean, eta erregimen sionistak Gaza bonbardatzen ziharduen egun bertsuetan, estatu hebriarreko ordezkari instituzional batek arreta mediatikoa bereganatzen zuen handik kilometro askotara, Liverpoolen. Noa Kirel zen, Israelgo ordezkaria Eurovision Jaialdian eta hirugarren sailkatua lehiaketan. Beste askotan bezala, orduan ere musika ikuskizuna erakusleiho eraginkorra izan zen indar okupatzaileak Palestinako ghettoan burutzen ari ziren triskantzaren gaineko arreta desbideratzeko.
Horretan datza, hain zuzen ere, sionismoaren zurikeria estrategia eta Hasbara Ministerioaren azpijokoa. Israelek 2006an sortu zuen propagandarako ministerio berezi hori eta geroztik milioikako aurrekontuz hornitu du xede argi batez: Estatu hebriarraren irudia zuritzea munduko iritzi publikoaren aurrean eta Boikot, Desinbertsio eta Zigorren mugimenduaren kanpainia deusestatzea. Estrategia horren zerbitzura baliabide asko jarri ditu estatu israeldarrak eta zurikeria kanpainia horren garroak esparru guztietara iristen dira, hala nola musika, arte edota kirol arloetara.
Datozen egunotan, munduko hedadideetako arreta bereganatu ohi duen kirol ikuskizun erraldoi horietako bat izango dugu gurean: Frantziako Tourra. Eta zalaparta handirik atera gabe, eta ia oharkabean, Euskal Herriko errepideak zeharkatuko dituzten karreristen artean Israel-Premier Tech taldekoak izango dira. 2015ean Silwan Adams higiezinen negozioko enpresari aberats israeldarrak sortu zuen txirrindularitza taldea eta geroztik handituz joan da azken urteotan, Hasbara Ministerioaren laguntza logistikoari esker, Israelgo kirol enbaxadore ikusgarrienetakoa bilakatu arte. Bere tropelean, gainera, ez dira falta Palestinako eremu okupatuetan ekintza militarretan esku hartu duten aleak, besteak beste, Guy Niv txirrindularitzara sartutako armada sionistako frankotiratzaile ohia.
Israel-Premier Tech taldearen presentzia normaltasunez onartzen badugu, Israelgo zurikeria estrategiaren ideologoak garaile aterako dira, horixe baita haien helburua, Israelgo apartheid erregimenaren anormaltasuna normaltasunez onartua izatea mundu mailan, haren krimen zitalak estaltzeko. Horregatik, ezin diegu oharkabean pasatzen utzi. Erakutsi behar diegu ez direla normalak eta ez ditugula normaltasunez hartzen. Egin dezagun errepide bakoitzeko txoko bakoitza Palestinako banderez betez. Jakin dezatela ez direla ongi eTOURriak!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!