“Herenegun gaur da” -Ernai-
Historia garaileek idazten dutela behin eta berriz entzun izan dugu. Horrela jaso dugu ikastetxeetako liburuetan, politikarien ahotan, komunikabideen lerro artean eta bestelako enparauen gezurretan. Ikasturte honetan, espainiar Estatuaren eta bere oinazpiko jeltzaleen Eusko Jaurlaritzak memoria faltsutu eta errelato bakarra jarri digute gazteoi begi aurrean.
Espainiar Gobernuak diseinaturiko “Terrorismoaren memoria eta prebentzioa”unitate didaktikoaren helburu nagusia Espainiar Estatuaren egiturazko bortizkeria legitimatzea da. “Herenegun” programari dagokionez, aldiz, PNVren interes alderdikoiak defendatzea da helburu bakarra. Azken hau, gainera, Heziberrirekin egin nahi duten moduan,LOMCEk ezarritako helburuak betetzeko prestatu dute. Horrela, beste behin ere, espainiar Estatutik datorren inposizioa onartu eta bere interes alderdikoietarako baliatu du PNVk. Urrun daude horrelako egitasmoak Euskal Herriaren historia lantzeko asmoetatik, izan ere, bilatzen duten bakarra historiaren kontakizun partziala egitea da, ustezko garaile eta galtzaileena.
Erraturik daude, ordea. Gazteok edertxo dakigu historia Herriok egiten dugula eta Herri honetan garaile eta garaituen errelatoak, gezurra izateaz gain, ez duela sinesgarritasunik. Euskal Herriko historian zehar biolentzia ugari egon dira, bai, eta ez dugu ahazten oraindik batzuk berehorretan jarraitzen dutela. Errelato bakarrak, alderdikoia, autokritikarik gabekoa eta inposatua izateaz gain, mina eragiten du.
Aurrera egiteko, iraganean zer gertatu den jakitea ezinbestekoa dugu. Horretarako, zapalduon ahotsak erdigunera ekarri behar ditugu. Ozen diogu, ez digutela memoria lapurtuko, ez diegula egiten utziko, eta gazteok gure memoria eraikiko dugula. Herri egitasmo desberdinetatik gure ekarpena egitera goaz Euskal Herriaren eta benetako Memoriaren eraikuntzan. Zentzu horretan, “Herenegun” eta “Terrorismoaren memoria eta prebentzioa” programak bertan behera gelditzea exijitzen dugu.
Gazteok, gure, Euskal Herriaren, memoria eraikitzeko guneak sortzeko konpromisoa hartzen dugu, herenegun gertatukoa orainera ekarriz eta etorkizun aske bat irabazteko konpromisoa hartuz. Memoria dugulako, ez dugu inongo inposaketarik onartuko.
Terrorismoa zuena, faxistak. Herenegun gaur da!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!