Gasteizen euskal dantzarien kopuruak euskal hiztunen kopurua gainditu du
Duela hilabete jakin zenetik azken kale inkestetan Gasteizen Bilbon baino euskara gehiago erabiltzen dela, Gasteizko euskaltzaleak harrotuta zeuden, ez baita oraingoa bilbotarrekin duten ika-mika. Gaurko albisteak, ordea, mutu utzi ditu. Hitz egitera ausartu den euskaltzale bakarrak, halaxe esan dio Araba Tomorrow-ri: “Jendea euskaltegia zelakoan sartu izan da dantza elkarteetara. Klaro, hainbeste ikurriña eta baskismo. Jendeari bost dantza edo euskara: ligatu nahi du. Hasieran euskaltegietan gehiago ligatzen zen, baina hainbeste funtzionariorekin dagoeneko ez da ligatzen”.
Ikusteko dago orain zer gertatuko den ertzainak euskaltegietara joaten hasten direnean. Adituek diote hau izan daitekeela egoera iraultzeko aukera bakarra. Honekin lotuta, ertzainen ERNE sindikatuak Beltran de Herediarekin batera egindako agerraldian, ertzainek dantzan egiteko eskubidea dutela ere adierazi dute: “Borroka armatuaren garaian ezin genuen ezpata dantzarik egin. Orain da garaia. Boiseko euskal etxea arduratuko da ertzainei dantzak erakusteaz, ez gara fidatzen bertako taldeez”.
Ikuskizun dago zer gertatuko den, beraz.
*Hau umorea da. Umore serioa. Pikati hutsa bazara, hau ez da zure lekua
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!