Manex Agirre, Arabako Bertsolari Txapelketako lehen finalista
Bertsolariek urduri hasi zuten saioa, baina lasaitu ahala saioa berotzen joan zen. Zortziko handian Perea eta Agirrek erakutsi zuten daukaten maila eta oso ofizio polita egin zuten. Zortziko txikian Manex eta Ainhoak saio oso arina eta alaia egin zuten telefono konpainia bateko langilea eta eskaintza jasotzen duenaren paperean. Hamarreko txikian Felipe eta Serapio berpiztu egin ziren eta ale politak bota zituen. Hamarrekoan Irati eta Ainhoak, nor baino nor, pelikula gustu ezberdinak medio ofizio polita osatu zuten. Kartzelako lanean, bi puntu erantzun eta bakarkako gaiari bi bertso botatzea izan zen bertsolarien lana. Urduritasunak urduritasun, ideiak ideia eta txaloak txalo, hau izan zen Xabier Ormaetxea, Jose Ramon Arbe, Iker Elexpuru eta Ekaitz Elorriaga epaimahaiaren epaia: Manex Agirre (354,5p.), Oihane Perea(348,5p.), Felipe Zelaieta (294,5p.), Serapio Lopez (291p.), Ainhoa Comas (283p.) eta Irati Anda (278p.).
Baina finalerdiak hasi besterik ez dira egin eta oraindik beste bi falta dira apirilak biko finala osatzeko. Datorren asteburuan, larunbatean Aramaion eta igandean Agurainen, finaleko bi txartel zuzen hauek jokatuko dira eta gelditzen diren beste 3 postuak finalerdietan puntuazio gehien jasotzen duten lehen hiru bertsolariek beteko dituzte.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!