O no será-Edo ez da izango: Sortu bandak, emakumeok*!
Rote Zoraren inguruan aritu gara, "Frauen bildet Banden" dokumentalaren egileetako bati egindako elkarrizketatik abiatuta.
Borrokatzen baduzu galdu dezakezu, ez baduzu borrokatzen galduta zaude.
Rote Zora
Rote Zora emakume eta bolleren antolakundera gerturatu gara irratsaio monografiko honetan. Batzuok ezagutuko dituzue, beste batzuok ez. Agian beraiek erabilitako lelo batzuk ezagutuko dituzue edo ekintzaren bat. Talde honetara gerturatzeko aprobetxatu dugu iaz Suelta la Olla magazinerako egindako elkarrizketa, Zinegoaken aurkeztutako dokumental baten harira “Frauen bildet Banden. Eine filmische Spurensuche zur Geschichte der Roten Zora” (Sortu itzazue bandak, emakumeok! Rote Zoraren historiaren aztarnen bila). Christine, Las Otras, bollera eta emakumeen zinema kolektiboko kideari egindako elkarrizketa entzungo dugu, Onoserako kidea den Amaiaren ahotsarekin.
Elkarrizketa alemanez grabatu zen eta lan handia egin dugu bikoizteko, hala ere norbaitek originala entzun nahiko balu gurekin harremanetan jartzea (onosera.halabedi@gmail.com).
Elkarrizketaz gain, Rote Zoraren inguruan gaztelaniaz argitaratutako liburu batera gerturatu gara eta horren zati batzuk irakurri.
Eta saioa girotzeko Folk this! taldearen Rote Zora, Haizeatxo-ren Nire lagunek bai, Pottors ta klito-ren Autodefentsa feminista eta Sookee-ren Q1.
Rote Zoraren inguruan gehiago ezagutzeko ekainaren 28an 17:oo dokumentalaren proiekzioa egingo dugu Hala Bedi ondoko lokalean, Zaharraz Harroren baitan eta ondoren elkarrekin joango gara E28J-ko manira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!