Erraietatik: ERRAIETATIK vol. 42 | Heriotzaz maiteminduta
Oporraldi luze baten ostean, indarberrituta eta kide berriekin itzuli dira ERRAIETATIK irratsaioko ume basatiak, Hala Bediko uhin askeak iraultzaz eta kontrakulturaz kutsatzeko asmoz. Denboraldi berriaren estreinaldian, oso gonbidatu berezia izan dugu gurekin, Txerra Bolinaga, RIP taldeko kide historikoa, alegia. Izan ere, ‘Larga Vida a RIP’ fanzinea argitaratu berri da.
Fanzinea aitzaki hartuta, aukera aprobetxatu nahi izan dugu Txerra Bolinagarekin solasaldi sakona izateko: 80. eta 90. hamarkadak, Euskal Rock Erradikalaren garaiaren mitifikazioa edo RIP taldearen bilakaera izan ditugu hizpide, bizipen pertsonaletatik abiatuta. Elkarrizketaren bigarren zatian, fanzinea eta diskoaren egileetako batekin ere kontatu dugu, Silencio Tóxico fanzineko Nando Alonsorekin, alegia.
Bi urte baino gehiagoko lanaren ostean, Txerra eta Nandorekin aztertu dugu sortze-prozesu honen bilakaera. Hasieran fanzinea egiteko asmoa bazuten ere, azkenean, 376 orrialdeko liburu puxka sortu dute Tóxico Records eta El Lokal-eko lagunek. Honen barruan, Mondrako banda honen ibilbidea berreraiki da, RIPen inguruan ibili diren pertsona ugariren testigantzari esker. Garaiko argitalpen ezberdinetako rekorteak, elkarrizketak, diskografia osoa, Jul-en omenaldiz ospatutako kontzertua eta 27 bertsioz osatutako CD bat topatuko dugu lan ikaragarri honetan.
Irratsaioaren azken txanpan, atal berria estreinatu dugu ‘Kooltur Weapons’: noizean behin, tartea irekiko diegu irratsaioko kideon azken nobedade edo gomendio kulturalei. Kasu honetan, lau arma kultural ekarri ditugu gurera: Ho99o9 taldearen ‘Bone Collector’ abestia, Kau Kori Kuraren ‘Ola, Ola!!’ kantua, Virginie Despentesen ‘Vernon Subutex’ liburua eta The Baboon Show talde suediarraren ‘Same Old Story’.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!