Utzidazu zure diskurtsoa idazten
Esan zein publiko eta zein sentsazio sortu nahi duzun. Badakit jendeak zer entzun nahi duen. Eta ez badu entzun nahi, nola kontatu.
Psikologia eta soziologiaren giltzak ezagutzen ditut. Badakit emozioen zein puntu, noiz eta nola ukitu. Badakit mezua nola egituratu, baita zein ideia eta baieztapenetan indarra jarri. Badakit nola irudikatu azaltzen duzun egoera ezagutzen duzula eta kontrolpean daukazula. Hitz batez, nola egin zure mezua sinesgarri.
Berdin da zein gairi buruz hitz egingo duzun: pandemiaren aurrean hartuko diren neurriak, txertaketa-kanpainaren kudeaketa, Europako funtsak, langabeziaren datuak, Hidrogenoaren korridorea, bakea eta elkar-bizikidetza, aurrekontuak… Daukadan eredua malgua da, eta zure beharretara ezin hobeki doituko da.
Eskaintzen dudana bi hitzek definitzen dute: profesionaltasuna eta eraginkortasuna. 20 urteko eskarmentua daukat agintari eta figura publiko askori aholkua emanez. Politikari, enpresari eta mota ezberdinetako profesional aipagarriek kontratatu dituzte nire zerbitzuak. Erabateko konfidentzialtasuna bermatuta. Diskurtso sinesgarria, nahiz eta zabaldu beharrekoa hiritarren gustukoa ez izan.
Gogokoak ez diren mezuak zabaldu behar diren egokiera zail horietan, bereziki, zehaztasun osoz prestaturiko agerraldia izango duzu. Badakit nola leundu mezuaren inpaktu emozionala. Menperatzen ditut estrategia psikologikoak. Zein termino erabili eta zein ekidin; zein informazio eman eta zein gorde; noiz eta nola eman, baita emandako informazioen arteko kateamendua. Honek guztiak berebiziko garrantzia baitu diskurtsoa eraikitze aldera. Jakin behar da ondo egiten eta gutxi batzuok dakigu ondo egiten.
Nahiz eta gehiengoaren kontrako neurria izan, guztion onerako egiten duzula sinestaraziko diezu. Aukera hoberik ez dagoela sentituko dute eta guztion zoria elkar-lotuta egoteaz konbentzituko dituzu. Benetako asmoa ez da azaleratuko eta zure diskurtsoaren atzean populazioaren zati handia lerrokatzen lortuko duzu. Ezinbestez jasoko dituzun kritikez gain, hartzaile gehienek ez dute ezer konprobatuko. Are gehiago, kontu anekdotikoekin geratuko dira, eta jakin behar da ere funtsezkoak ez diren alderdi horietara arreta bideratzen. Zure akasgabeko diskurtso fidagarriak, hedabideetan ondo kudeatuta, konbentzituko ditu. Ez dute diskurtso hobeagorik aurkituko. Ondo landutako diskurtsoa bake-soziala mantentzeko ezinbesteko aktiboa da.
Diskurtsoa idatzita zure eskuetan, edo buruz ikasita, begiratu kamerara eta errezitatu solemnitatez, zuk zeuk sinetsiko bazenu bezala. Ahotsaren tonuaz eta isiltasun-etenaldiez baliatzeko gaituko zaitut.
Begirada, buruaren zein eskuen mugimenduak erabiltzeko trebatuko zaitut. Hitzezkoa ez den komunikazioak berebiziko garrantzia dauka zure mezua konbentzigarria izateko.
Janzkera, agertokia eta antzezpena nabarmenak dira ere. Aholkularitza emango dizut alderdi horietarako ere.
Ez jarri arriskuan zure mezuaren sinesgarritasuna, ezta zure irudia ere. Irudia guztia baita gizarte honetan. Bermatu aipatutako alderdi guztiak, nire esperientziaz baliatuta. Jarri harremanetan nirekin, kontadazu zure ideia eta lanean jarriko gara. Zure diskurtsoa prest egongo da laster, osagai guztiak zehaztuta.
Nirekin kontaktatzeko helbide elektronikoa honako hau da: diskurtsoegileprofesionala@gmail.com. Twitter-ren jarraitu nahi banauzu erabiltzaile-izena laposefirst da. Xehetasun gehiagorako uzten dizut ere nire web orrialdea: www.flautistadehamelinguren.eus
Iñaki Etaio
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!