covi-Diktaduraren aurka
Emergentzia egoeran bizi gara, bai, baina ez da birus berri batengatik, baizik eta birus horren kontra borrokatzeko ezarri diguten diktaduragatik. Orden berri bat inposatu nahi digute eta koronabirusa izan da aukeratu duten aitzakia. Ondo ateratzen ari zaie momentuz, oso ondo.
Egia esan, ezkor nago aspaldi honetan; ezkerreko jende asko koronabirusaren inguruan eraiki duten zirko honetan gogotsu parte hartzen ikusten dudalako. Arduragatik egiten dutela diote baina jendartearen oinarrien kontra ari dira, erlazio sozialen kontra ari dira. Sozialak gara, beste pertsonen beharra dugu, komunitatean bizi behar gara, guztion artean sistema madarikatu hau suntsitu eta eraldatu behar dugu… bestela hilda gaude.
Distantzia sozialarekin sozialismoa ezinezkoa da, kaleak, zelaiak, mendiak zapaldu gabe naturarekin lotura galtzen dugu. Ez bagara naturaren parte sentitzen ez dugu defendatuko eta ez badugu amalurra defendatzen ez dago etorkizunik. Saihesten ez badugu, kapitalismo estraktibistak denarekin bukatuko du eta etxean sartuta nekez lortuko dugu.
Koronabirusa agertu eta gutxira Munduko Foro Ekonomikoak, botere ekonomikoaren eta politikoaren bilguneak, “The Great Reset” aurkeztu zuen. Iberdrolako web-orrian begiratzen badugu operazioaren nondik norakoak azaltzen dizkigute eta hiru hitzekin laburbiltzen dute: berreraikitze ekonomiko jasangarria.
Aurten Davosen bilduta digitalizazioan eta garapen jasangarrian jarri dute fokua eta Europa berreraikitzeko funtsek kapitalismo berdea edo Green New Deal eta digitalizazioa dute helburu. Aldaketa klimatikoa aitzaki hartuta, diktadura globala sakondu eta estraktibismoa bultzatu nahi dute.
Euskal Herrira etorrita, aldaketa klimatikoa saihesteko Green New Deal deituriko horren izenean gure mendiak eta gure lurrak okupatu eta deuseztatu nahi dituzte ehundaka haize-errota erraldoiez eta milioka plaka fotoboltaikoz beteta. Nafarroan eta Araban 30 proiektu inguru tramitatzen ari dira momentu honetan. Denak batera aurkezten ari dira ahalik eta gehien eraikitzeko.
Herriak hustu nahi dituzte, hirietan jendea bildu, etxebizitzako blokeetan giltzapetu, erlazio sozialak telefono batekin ordezkatu… teknologia eta digitalizazioa dena kontrolatzeko erabiltzen ari dira. Kaleak poliziaz bete dituzte eta balkoietan txibatoak; kontrol soziala itogarria da.
Teknologiak ez gaitu salbatuko, digitalizazioa jendartearen kontra doa. Ez badugu gaur egungo sistemarekin bukatzen ez daukagu ezer egiterik. Eta kapitalismoarekin amaitzeko covi-Diktaduraren aurka borrokatu behar dugu, ere bai. Hau ez da berez bukatuko, lortu duten botere guztia ez dutelako ihes egiten utziko. Kaleak berreskuratu behar ditugu, maskara kendu, jendearekin bildu… Lan asko dugu aurretik.
Burujabetza eraiki, desobedientzia landu, autodefentsa prestatu eta ekin dezagun guztiok batera, bestela sistema honek gu guztiok akabatuko gaitu. Animo!!!
Iñigo Leza
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!