Metaforak
Joseba Sarrionandiak bere Habanako egutegia Airea ez da debalde tituluarekin argitaratu zuen. Bertatik ateratako aipu laburra da honakoa: “Edozein gizartek metafora bat behar du bere burua antolatzeko”. Gizartearen antolaketa nahitaez metafora baten bidez azalarazten dela dio idazleak; arrazoi du, seguruenik, izan ere nekez adierazi eta ulertu daiteke gure antolaketa soziala metaforek eta konparazioek ematen duten zeharkako bidea erabili gabe.
Eta esango nuke Zaldibarretik gertuko zabortegian gertatzen ari den drama metafora bihurtu zaigula, Gipuzkoa eta Bizkaiaren mugetako mendi paisaia ederraren barnean dauzkagun lotsak agerian uzten ari baitira zoritxarreko aldapa horietan. Zarama pilaketa oharkabean pasa daiteke urteetan, gai toxiko ugari bertan bilduta. Baina egun batean zarama egunkarien lehen azalera egiten du jauzi eta usain benetan nazkagarriaz egiten die eraso irakurleen sudurrei.
Zarama pila maldan behera erori eta bi langile zaborraren azpian zapalduta geratu dira; ingurua kutsatuta, inguruan jendea kezkaz eta beldurrez … 1. mailako futbol partida bera gelditu da, askorentzat egoeraren larriaren adierazle argiena. Jendea babesteko eginbeharra duen administrazioaren hutsak eta arduradun publikoen erantzun falta nabarmen geratu dira agerian. Garrek eta keek jarraitzen dute zabortegian eta komunikabideetan. Argia eta erantzukizunak eskatzen dira Ermuko manifa jendetsuan Langileak eta osasuna ere pankartara ekarri dituzte. Metafora bat, Sarrionandiak dixit. Gure gizartearen metafora.
Bi langile hilda, eta politikariek horretan baino kezkatuago dirudite beren burua zuritzeaz. Baina zuritze hori zaila izango da, hor hainbeste zabor dago pilatuta!
Josean Bueno Saez de Albeniz
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!