Hierarkia eta jabetza
Gure gizarte kapitalista honetan badira bi elementu eztabaidaezin bihurtu direnak: bata, hierarkia, batzuk beste batzuk baino gehiago direlako iritzi sustraitua; eta bestea, jabetza, antza urratu ezin den eskubide bakarra.
Hierarkiak agintzen du perzepzioa gizartean: klase soziala, arraza, generoa, jatorria… izaten dira besteak sailkatzeko eta hierarkia batean ezartzeko erabiltzen diren irizpide automatizatuak. Portaera bera desberdin antzeman eta juzkatzen da nork egin duen. Badakizue, adibidez, logika-jolas ezagun hura: “istripu batean aita hil da eta semea larri zauriturik atera da; behar ditu premiazko ebakuntzak baina urgentzietako zirujauaren aurrera eramaten dutenean `ezin dut ebakuntza egin, nire semea da´ dio zirujauak”. Lehen aldiz entzutean ustekabea hartzen dugu, ama zirujaua izan daitekeela ohartzen garen arte. Egoera ulertzeko hartzen ditugun segundu horiek gure aurreiritzien neurria dira.
Kapitalismoan jabetzaren arabera dugu antolatua bizitza soziala, eta jabetza sentimendu horrek norbere bizitzaren esparru guztiak betetzen ditu. Sintomatikoa da erdararen eraginez euskarazko tradizioan nagusi izan diren “gure etxea”, “gure ama”, “gure familia” bezalakoak azkar “nire etxea”, “nire ama” eta “nire familia” bihurtu izana, gure garaiaren joerari men eginez.
Datorren asteazkena, azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Emakumeen aurkako biolentzia nekez desagertuko da oinarrizko bi joera hauek mantentzen diren bitartean: hierarkia, alde batetik, arrazagatik, jatorriagatik, generoagatik… batzuek besteek baino gehiago balio dutelako iritzi tamalgarria, hainbeste injustizia eta zapalkuntzaren oinarria, eta emakume ugari azpiratuak mantentzen dituena; eta, beste aldetik, jabetza sentimendua inoren jabe izan eta pertsona hori “nirea” izan daitekeelako iritzi samingarria, hainbestetan gizonezko “jabe” batzuen erasoen iturria. Aurrera joateko eta emakumeen aurkako biolentzia jasanezinarekin amaitzeko bi sustrai pozointsu hauek, hierarkia eta jabetza sentimenduak, higatu eta ahuldu behar ditugu egunerokoan, urtearen 365 egunetan. Guztiok hobeto biziko gara berdintasunean, elkartasunean eta errespetuzko harremanetan.
Josean Bueno Saez de Albeniz
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!