De buelta
Asmo onen zerrenda 25erako:
- Utziko diot euskarari. Agur. Nirekin darama 60 urte. Harekikoak, kitto! Betiko, agur! Españolaren amorante sutsua bihurtuko naiz. Aldaketa behar dut. On egingo dit.
- Manifak? Ez naute berriro ikusiko halako prozesio batean. Jada, ez dut adrenalina gastatzen. Ideologien ortzadarra laino batean ezkutatuko dut, eta nire pausoek ez dute berriro urratuko ez dakit zeren aldeko edo badakit noren kontrako kalerik.
- Emozioak saneatuko ditut. Buruak eta arimak desapegoa behar dute. Fuera ezkerrekoa izatea; akabo independentzia utopiak; utikan diren eta ez diren hamaika borroka klase eta mota. Detox dieta hasiko dut.
- Ez naiz orain arteko ni izango. Emaztea, dibortzioa; semea, adopzioan; jatorrizko izendapeneko familian, atun potoan; eta lagunak kupel batean ozpinduko zaizkit.
- Irakurtzea, kale. Monaren begiak izan dira irakurri nauten azkenak. Zinea, laxante batekin. Musika, beste leku batera. Bertsolaritza, hitzetik hortzera in-memoriam.
- Lana. Aspaldi utzia nago. Desenkantua lehenengo zauria izan zen, bestelako zaurgarritasun batzuen aurrekari. Jo eta ke jarraitu behar dut ahalegin horretan. Egurra ikasleei. Ez dute titulurik aterako nik lagunduta: “Nik uste naiz ez dagoenik ainbat etorkinak gasteizeren kaletan porque badaki zer gertatxen da paterak allegatu eta B2 lapurtu litzateke niri”. Tori B2.
- Athletic ez da nire igandeko amets gaiztoa izango. Ilargira noa. Eta euskal selekzioa? Ni Españarekin noa, total, euskal futbolista guztiek harako dute ostikada.
- Ardoa, ezta bazkalosteko kalizetik hartuta ere; ogia, batere ez, gerra glutenari!. Gora aurrekuzinatuak! Gora koipeak! Bizio gutxi!
- Politikoki zuzena izango naiz, arlo guztietan batean izan ezik: barkatuko didazue, baina komunzulokoak betiko erreparorik gabe burutzen jarraituko dut.
Eta behingoagatik “de buelta” egoteari utziko diot.
Pablo Pagegi
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!