Arabako kuadrillak Euskaraldiatik harago
Sarritan aipatu dut euskararen aldeko mugimenduak Araban duen bizi-kemena, eta azken egunotan horren adibide diren beste bi ekimen oso ezberdinarekin egin dut topo.
Horietako bat Arabako Lautadan kokatzen da eta bestea Aiaraldean.
Lautadako Euskararen Komunitatean 40 herritako eragileak eta 20 entitatetako ordezkariak biltzen dira; guztira 107 lagun. Horiek guztiek Euskararen Mahaia antolatzeko erabakia hartu berri dute, non zortzi udalerrietako gizarte eragileak eta erakunde publikoak bilduko diren. Zertarako? Lautadako entitateetan hurrengo bi urteetan hizkuntza ohiturak euskararen aldekoak izan daitezen. Ahalegin horretan baliatuko dituzten metodologiak berriak dira Lautadan, baina honezkero beste eskualdetan esperimentatuak.
Aipatu behar dudan beste adibideak Aiaraldea Ekintzen Faktoria du izena, eta, Lautadakoarekin alderatuta, oso bestelako jomuga du; alegia, balio eraldatzaileen araberako alternatibak bizitzako esparru guztietan sortzea, euskaratik eta euskaraz. Hau da, euskaraz biziz bestelako mundu bat eraikitzea. Faktoriaren ahalegin horretan, komunikazioaz gainera, hezkuntza eta aisialdia, feminismoa, ekonomia, elikadura burujabetza, kultur sorkuntza, berrikuntza soziala, eta identitate komunitarioa dira lan-ildo sozial berriak.
Bistan denez, Lautadako eta Aiaraldeako bide-orriak oso ezberdinak dira; hala ere, jomuga bat partekatzen dute: Euskaraldiatik harago euskara suspertzeko bide berriak jorratzea.
Zorte on bientzat!
Iñaki Martínez de Luna
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!