Erraietatik: ERRAIETATIK vol. III | Herdoilaren lurrinetik ihesi
Hala Bediko parrilaren aurkezpenak utzitako ajeak gainditu gabe oraindik, hirugarren bolumen honetan Euskal Herriko mugimendu kontrakulturaletan sakontzen jarraitu dugu. Horretarako, 80. hamarkadan sortu eta garatutako mugimendutik haratago joan gara, nostalgiak albo batera utzita.
Horrela, Ion Andoni del Amo elkarrizketatu dugu. Del Amok datorren asteetan liburua argitaratuko du Txalapartaren eskutik: ‘Party&Borroka. Jóvenes, músicas y conflictos en Euskal Herria’ (Txalaparta, 2016). Bertan, azken hamarkadetan, bereziki 80ko hamarkadatik hona, eman diren mugimendu kulturalak aztertzen ditu. Honekin batera herri mugimenduekin izan duten harremana jorratzen du.
· Ion Andoni del Amo: «Gaurko kontrakulturaren erronka ez da apurketa estetikoa, 80ko hamarkadan bezala, espazioen eraikuntza baizik» ·
Bestetik, Giangiacomo Feltrinelliren halako hileta-ohar bat osatu dugu. Horretarako komunista basati honen bizitza, lana eta borroka plazaratu dugu. Bereziki interesgarria nola bere kontraesanetan murgilduz, koherentzia politiko oso partikular bat landu zuen. Italiako 50. eta 60. hamarkadetako historiaren ume basatia da Feltrinelli.
Azkenik, Ane eta Eider izan ditugu gurean. Biak asteburuan Errekaleorren burututako ‘Uxualak ez du atertu’ gazte literatur topagunearen antolatzaileetakoak dira. Asteburuan hausnartutakoaz eta sortutakoaz hitzegin dugu beraiekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!