Elon Musk gaiXtoa eta egiaren zaintzaileak
Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den boterea eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken egunetan The guardian eta La Vanguardia hedabideek eta arlo ezberdinetako pertsona famatu batzuek publiko egin dute X saretik atera direla. Aspaldiko argudio batzuk zabaldu dira erabaki hori oinarritzeko, tartean X sarea toxikoa dela, gezurrak eta gorroto mezuak hedatzeko tresna dela edota bere jabeak populazioen iritzia baldintzatzeko erabiltzen duela. Trumpen garaipenak Musken papera hauspotu du are gehiago. Nola elikatuko dugu harropuzkeriaz beteriko handiki horren sarea? ohartarazten omen digute.
X sarean mota guztietako mezuak, berriak eta informazioak zabaltzen dira. Balio dezake hedabide masiboetan lekurik ez duten mezu iraultzaileak bideratzeko, Palestinan sionismoak gauzatzen duen genozidioaren testigantzak zein erresistentziaren ekintzak mundura helarazteko, edota edozein gairi buruzko datu sakonak zabaltzeko. Balio dezake mezu faxistak, matxistak eta supremazistak hedatzeko, kolektiboen eta gobernuen kontra faltsukeria-kanpainak antolatzeko, ebidentzia zientifikoen kontra joateko, pertsonak difamatzeko edota osasunaren kontrako praktikak gomendatzeko. Eta, irakurgai mamitsuetan arreta jarri ordez, pantailari begira lelokeriekin denbora galtzeko ere balio dezake X sareak. Ziurrenez, praktika ohikoena dena.
X sarea munduko pertsona aberatsenetariko baten eskuetan dago, bai. Ia 600 milioi erabiltzaile eta, era ez zuzenean, beste milioika pertsona sarearen algoritmoetan dantzan. Baina, sare sozialez gain, heltzen zaigun informazio/desinformazio gehiena Vocento, Grupo Noticias, Prisa, Planeta, Atresmedia edota Mediaset taldeen eskuetan egoteak BBVA, Amber Capital inbertsio-funtsa, Ybarra familia eta beste talde ekonomiko handien eskuetan egotea esan nahi du. Ez dira Elon Musk bezain mediatiko eta inpultsiboak, baina ez daukate arrisku gutxiagorik.
X sarearen bidez gorroto eta estigmatizazio mezu asko zabaltzen dira, bai. Horietako asko zapaldutako kolektiboen kontra. Hedabide nagusietatik ere, pribatu zein publikoetatik, egunerokoan jasotzen ari gara halakoak. Botere-harremanak kolokan jartzen duenaren kontra, kriminalizazioa. Sistemaren oinarriak era antolatu eta eraginkorrean astintzen dituenaren kontra, errepresio bortitzaren justifikazioa. Erabateko adostasuna erakusten dute gorrotoa bideratzeko terminologian, zalantza guztietatik kanpo dagoena: terrorista. Berdin da erresistentzia palestinarraren erakunde ezberdinak, PKK edota izan diren eta gaur diren askapen nazional eta sozialerako erakunde armatuak zein mugimendu zabalagoak ere. Eta, Estatu menderakaitza izatekotan, “erregimen” izengoitia: Venezuela, Kuba, Iran, Ipar Korea… Naturaltasun osoz, etsaien kontrako gorroto mezu sinple eta erabatekoa hedatzen digute. Ez dute “like” jaso beharrik, uneoro sartzen baitira gure mugikor, telebista eta irratietan.
Eta zer esan serioak omen diren medio horietako irakurleen erantzunetan igorritako hainbeste mezu; ezjakintasun, aurreiritzi eta gorrotoz beteta.
X sarearen bidez gezurrak zabaldu eta biderkatzen dira, intentzionalitate zehatzekin eta inpunitatez, bai. Algoritmo famatuak ez dira neutralak, noski, baina hedabide handiek ere badituzte beren prozedurak gure arreta nahi duten lekura eramateko eta gure emozioetan eragina izateko. Ez al dira eliteen hedabideen izaeraren parte errealitate batzuk ezkutatzea, beste batzuk manipulatzea eta faltsukeria batzuk zuzen sortzea? Gehienetan ez da hain zakarra izango, hain bat-batekoa, hain konspiranoikoa, hain ebidentea. Desitxuraketa era sakonago eta profesionalagoan garatuko da, masa-psikologia eta kazetaritza ezagutzak aplikatuta. Batzuetan, manipulazioa agerian geratuko da, baina bere efektua behin lortuta. 2011n jendetzak Tripoliko Enparantza Berdea hartzeak Gadafiren gobernua erortzen lagundu zuen. Beranduago konprobatu zen irudi horiek Qatarren grabatuak izan zirela, sortutako eszenatoki batean eta antzezleekin. Irudiak ez ziren zabaldu Twitterren, baizik eta Al Jazeeraren bidez. Han eta hemen, zenbat eta zenbat “berri”, erreportaje, iritzi zutabe prestatu izan dira poliziaren goi-kargu, arduradun politiko eta enpresariekin bildu ostean…
X sarea negazionisten eragin-esparrua ere bada, bai. Komunikabide serioetan ez omen dago halakorik. Hamarkadetan zehar tortura poliziala ukatu digute. Justizia interes politiko, polizial edo ekonomikoen menpe egotea ukatzen digute ere. Eta Euskal Herrian eta munduko hainbeste herritan autodeterminazio eskubidearen existentzia ere ukatzen digute, eskubide hori ez omen delako existitzen… Negazionismoa jaiotzetik pairatu dugu.
Munduko herrien eta langile klasearen informazio beharrak ez du kointziditzen Elon Musken interesekin, ez, ezta hedabide handien atzean dauden eliteen interesekin ere. Kontua da azken horiek gezurraren nagusitasuna galtzen ari direla.
Sakatu “dislike” eta joan zaitezte, bai.
Iñaki Etaio
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!