Pertsona zaurgarriak instrumentalizatu ditu poliziak Errekaleor ahuldu nahian
Errekaleorrek atzo pairatutako eraso polizial larria eta kale egoeran dauden pertsonak proiektuari azpiak jateko instrumentalizatu izana salatu du.
Dispositibo polizial handi batek hartu zuen atzo Errekaleor auzo askea, auzoko bizilagunen eta kale-egoeran dauden pertsona talde baten arteko gatazkan bitartekotza egiteko aitzakiarekin. Gertakariak eguerdian hasi ziren, kale-egoeran dauden pertsona talde bat auzora iritsi zenean proiektuko etxeetako batean sartzeko asmoarekin.
Ez da zaurgarritasun egoeran dauden pertsonek auzora jotzen duten lehen aldia, eta aurrekoetan bezalaxe, proiektuko kideek Errekaleor zertan datzan, sartzeko bideak zeintzuk diren eta bizilagunak haiek laguntzeko prest daudela adierazi zieten. Pertsona horiek adierazitakoaren arabera, polizia bera izan zen Errekaleorrera joatea aholkatu ziena. Bizilagunak pertsona horiekin hitz egiten zeudela, Ertzaintzak dispositibo polizial handia zabaldu zuen auzoan, eta etxe batean ere sartu ziren, inolako agindu-judizialik gabe. Handik gutxira, polizia zein kale-egoeran dauden pertsonak joan egin ziren.
Zazpirak aldera antzeko egoera bat eman zen, pertsona horiek Errekaleorren berriro agertu eta blokeetako batean sartzen saiatu zirenean. Eguerdian bezalaxe, poliziak berehala erantzun zuen. Ertzaintza auzoan agertu eta espazio guztia hartu zuen, sarrerak zein irteerak, eta gutxienez hogei pertsona identifikatu zituten. Bizilagunek egun osoko neurrigabeko presentzia poliziala salatu dute. Herri mugimenduaren babesari esker, pertsona horiek zein polizia kanporatzea lortu zuten.
Goizaldeko 1:30ak inguru “20-25 pertsona etorri ziren burdinazko barra, kate, metalezko lamina eta harriekin”, eta zaintza egiten ari ziren bizilagunak erasotu zituzten. Errekaleorrek salatu duenez, zenbait pertsona daude zaurituta, horietako bat egoera larrian. Anbulantziari deitzean, dispositibo polizial handi bat agertu zen auzoan hirugarrenez. Poliziaren jarrera arduragabea seinalatu dute, “zaurituak artatu beharrean zirikatzen ibili baitziren”.
Lehenago aipatu bezala, egoera zaurgarrian dauden pertsona horiek poliziak aholkatuta joan ziren Errekaleorrera. Ez da lehen aldia poliziak kale-egoeran dagoen jendea auzora bidaltzen duena. Errekaleorretik argi utzi dute ez dituztela pertsona hauek seinalatu eta erantzule egin nahi, eta instituzioek etxebizitzaren arazoaren aurrean duten rola salatu dute: “Etxebizitza eskubidea bermatu beharko luketenen utzikeriari poliziaren estrategia zitala gehitzen zaio, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak instrumentalizatuz”.
Instituzioen eta poliziaren asmoa Errekaleor auzo askearen proiektua ahuldu eta azpia jatea dela seinalatu dute. Atzoko gertakariak modu isolatuan ulertu ezin direla esan dute. Duela bi aste, Vox alderdi faxista agertu zen auzoan, Ertzaintzaren dispositibo handi batek babestuta, eskuin muturreko diskurtso arrazista eta xenofoboa zabaltzeko bideo bat grabatu nahian Errekaleorreko bizilagunak erabiliz.
Bizilagunek adierazi dute Ertzaintzak “bere egin duela diskurtso hori eta bere logika, proiektua erasotu nahian”, eta norabide horretan kokatu dute atzo pairatutako eraso poliziala. Poliziak jarduteko duen inpunitatea, eta zehazki, atzoko neurrigabeko esku-hartzea salatu dituzte; bizilagunak zein babesa erakusteko Gasteiztik hurbildu ziren pertsonak modu oldarkorrean identifikatu baitzituen Ertzaintzak.
Auzoak eskerrak eman nahi izan dizkie pertsona indibidualei eta herri mugimenduari atzo jasotako babesaren ondoren, eta Gasteizko auzo askea den heinean, Errekaleorren defentsa berretsi dute. “Faxismoaren eta gehiegikeria polizialen aurrean, atzera pausurik ez!” adierazi dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
