Kaleak hartzeko deia egin du Euskal Herriko etxebizitza mugimenduak
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizatzeko deialdi bateratua aurkeztu dute Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuen Sareak ostiral honetarako. “Espekulazioaren aurka, etxebizitza denontzat” lemapean mobilizatuko dira. Gasteizen 19:00etan abiatuko da manifestazioa Andra Mari Zuriaren plazatik.
Euskal Herriko etxebizitza mugimenduak mobilizatzeko deia egin du ostiral honetarako, urriaren 2rako, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuen Sareak mobilizatzeko deialdi bateratua egin dute, eta Gasteizen 19:00etan abiatuko da manifestazioa, Andra Mari Zuriaren Plazatik.
Sindikatuen arabera, Espainiar estatuko Gobernuak atzo onartutako dekretuan jasotako neurriak ez dira nahikoak etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Salatu dutenez, testuak ez dakar aurrerapauso nahikorik eta iraunkorrik etxebizitzaren arloan.
Haien iritziz, higiezinen espekulazioa da gaur egungo egoeraren arazo nagusia, eta dekretuak jasotako “neurri partzialek” ez dute aukera ematen arazoaren muinari heltzeko. Etxebizitza politikek etxebizitza eskubidea bermatzera bideratuta egon behar dutela aldarrikatu dute, eta horretarako zenbait proposamen egin dituzte: “espekulatzaileei desjabetzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea”.
Bide horretan “antolakuntza eta borroka” tresna eraginkorrak direla uste du Euskal Herriko etxebizitza mugimenduak, eta horregatik mobilizatuko dira. Azaldu dutenez, ostiraleko manifestazioak bi norabidetan planteatu dituzte: espekulazioaren kontra eta etxebizitza eskubidea bermatuta egotearen alde.

Atzoko elkarretaratzea. Argazkia: Auzoan Bizi
Etxebizitza Sindikatuen Sarearen mobilizazioak
Ostiraleko mobilizazioez gain, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea atzo atera zen kalera, “Antolakuntza gure berme bakarra! Etxebizitzaren negozioaren kontra antolatu!” lemapean.
Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazan elkartu ziren hamarnaka lagun, eta Espainiar Estatuko Gobernuak etxebizitza dekretua bitan banatu izana kritikatu zuten: “Mugimendu honekin, neurri ‘moderatuenak’ (Junts eta EAJ bezalako alderdien babesarekin) pasarazi nahi dituzte, kapitalaren interesentzat deserosoagoak izan daitezkeen neurriak bigarren dekretu batean jarriz. Bigarren dekretu hori, ziur aski, ez da onartuko.”
Gobernuak hartutako neurriak, “partzialak eta eskasak” direla azaldu dute, eta gatazkaren erroari eragiten ez dioten eta burgesiaren irabaziak bermatzen dituzten neurriak direla ohartarazi dute. Horren aurrean, sareak gutxieneko neurri batzuk aurkeztu ditu: etxegabetzeak baldintzarik gabe geldiaraztea, alokairuak automatikoki berritzea, errentak mugatu ez ezik jaistea, funts putreen desjabetzea eta espekulazio salmentak debekatzea.

Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
