Poliziaren gehiegikeria baten lekuko izanez gero, grabatu eta salatu
Koronabirusaren aitzakian ugariak eta ohikoak ari dira bilakatzen polizia-indarkeria kasuak. Hala Bedik gehiegikeria guzti horiek jasotzeko eta salatzeko lanari ekingo dio. Horrelako kasu baten lekuko bazara grabatu eta bidali 640 090 641 telefonora.
Apirilak 18 | Atxiloketa batean poliziak erabilitako indarkeria salatu du gazte batek, atxiloketaren uneko irudiak zabalduz
🔴 Denuncian la brutalidad empleada el pasado sábado por la policía municipal de Gasteiz https://t.co/ZGTDfEzpnh
— Hala Bedi (@halabedi) April 21, 2020
Apirilak 13 | Gasteizko Udaltzaingoa herritar baten aurka bortizki oldartu eta atxilotu egin du, Coronación kalean.
🔴 Gasteizko Udaltzaingoa herritar baten aurka bortizki oldartu eta atxilotu egin du, Coronación kalean https://t.co/IcXC2SkdTw pic.twitter.com/Jq1VLbP0FQ
— Hala Bedi (@halabedi) April 13, 2020
Alarma egoera
COVID-19aren hedapenaren aurrean Espainiar Gobernuak alarma egoera ezarri zuenetik ohikoak eta ugariak bilakatu dira polizia-indarkeria irudiak. Koronabirus pandemiari aurre egiteko neurriek mugimendu eta bestelako oinarrizko eskubideen murrizketak ekarri dizkiete herritarrei eta eskumen gehiago indar polizialei, zeinak Espainiako Barne Ministeritzaren mempe dauden orain.
Identifikazioak, salaketak eta atxiloketak
Gasteizko Udaltzaingoak gutxienez bi pertsona atxilotu ditu konfinamendu-neurriak eta mugimendu murrizketak ez betezea aitzakiatzat erabilita eta 600dik gora dira salaketaren bat jaso duten herritarrak. Azken hauek isun ekonomikoei egin beharko diete aurre.
Ertzaintzak ere salaketa ugari jarri ditu egunotan. Datu ofizialen arabera 409 dira Araban jarritako isunak eta bi lagun atxilotu ditu herrialdean. Identifikatutako herritarren kopurua ere oso altua da. Ertzaintzak eskainitako datuen arabera Araban 2710 lagun identifaktu ditu poliziak martxoaren 16az geroztik alarma egoeraren baitan ezarritako neurriak aitzakiatzat.
Polizia-gehiegikeria
Zifra ofizialetan adierazitako polizia jardueraz gain polizia-indarkeriaren lekukotza ugari ari dira argitara ateratzen azken asteetan. Indar polizialen jarrera oldarkorrak bortizkeria eszena ugari utzi ditu Euskal Herrian zehar eta sare sozialak bilakatu dira egoera guzti horiek salatzeko bozgorailu.
Laudion, esaterako, Udaltzaingoko patruila baten eta emakume baten arteko talkaren irudiak zabaldu ziren sare sozialetatik. Aiaraldea.eus hedabideak emakumearen adierazpenak jaso zituen poliziaren erasoa salatuz.
Gehiegikeriaren aurrean autodefentsarako gida
Polizia-indarkeriaren aurrean herritarrek dituzten eskubideak eta nola jokatu xehetasunez azaltzen duen gida argitaratu du LAB sindikatuak. Legearen arabera egin dezakeguna azaltzen du gidak, poliziak kontuak eskatzerakoan nola jokatu jakiteko. “Legea aplikatu baino, euren boterea arbitrarioki aplikatzen dihardute, kalean ikusten duten edonor susmagarri eta delitugiletzat hartuta, alarma egoera honek horretarako ahalmena emango balie bezala” azaldu dute LABeko kideek
Askatasun Kolektiborako Abokatueek (AKAB) sarea aktibatu dute laguntza juridikoa behar duen herritar oro laguntzeko. Helbide elektroniko bat jarri dute martxan beraiekin harremanetan jartzeko: akabokatuak@gmail.com
Polizia-indarkeriaren lekuko bazara, grabatu eta salatu
Indar polizialen gehiegikeriak biltzeari eta salatzeari ekingo dio Hala Bedik, dagokionak erantzukizunak hartu ditzan. Horrelako ekintza baten lekuko izanez gero grabatu eta bidali 640 090 641 telefonora.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!