Olarizuko bizilagunak kaleratu ditu Gasteizko Udalak
Iragarrita zegoen bezala, Olarizuko etxe okupatuetan bizi ziren bizilagunak kaleratu dituzte. Goizean goizetik auzora bertaratu da polizia, bertako etxe okupatuetako bizilagunak kaleratu eta ateak hormigoiz ixtera. Bost urte daramatzate hamarnaka familiek bertan bizitzen.
Joan den astean jakinarazi zieten Olarizuko bizilagunei kaleratuak izango zirela. Urtaranek eman zuen bere sare sozialetan desalojoaren berri. Astearte goizez, 07.00etatik aurrera, deia egina zegoen kaleratuak izango ziren bizilagunak babestera joateko. Hamarnaka lagun bildu dira etxe okupatuen inguruetan, Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu eta auzokideak etxeetatik ateratzen hasi denean.
Bizilagunek salatu dutenez “gehiegikeria instituzionalaren biktima” dira eta hainbat izan dira udalaren eta hainbat komunikabideren aldetik jasandako irain eta mespretxuak: “Argi dago Urtaran eta bere gabinetearentzat ez garela ezer, eta adreilu batek balio gehiago duela”.
Salatu dutenez, Ensanche 21ek erabilera gabe zituen etxeak okupatzea erabaki zuten duela hainbat urte, “zerbitzu sozialek beste alde batera begiratzen zuten bitartean”. Horren aurrean etxebizitza eskubidea aldarrikatu eta alternatibak eskatu dituzte.
Etxegabetzearen aurrean, Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Ekimenak protesta deitu du arratsalderako. 17.30etatik aurrera Olarizuko hiribidean egingo den kontzentrazio zaratatsura deitu ditu Gasteizko bizilagunak, eta zarata egiten tresnak eramatera gonbidatu ere.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!