“Tiranoen ezpatak” -AlaitzAndreu-
Simone de Beauvoirrek esan zuen zapaltzaileek ez luketela horrenbesteko botererik edukiko ondoan konplizerik eduki ezean. Bada, Beauvoirrek aipatu zituen konplize horietako batzuk esnatu dira Frantzian, eta Hollywooden batez ere zinemaren munduan sexu-eraso eta -jazarpenengatik egon den salaketa-oldearen aurkako idazkia argitaratu dute.
Honako hau da emakume-aktore-frantziar-patriarkatuaren-konplize horien idazkian ageri den argudio nagusia: gizonezkoei libre jarduten utzi behar zaie, sexu-askatasunaren izenean, eta, hala egin ezean, puritanismo hutsa aldarrikatzen da; feminismo hori puritanoa da.
Ez naiz hasiko esaten izugarria dela sexu-erasoen existentzia bera zalantzan jartzen duen idazki bat argitaratzea; hain da agerikoa izugarrikeria. Nahiago dut feminismoa mahai gainean jarri eta feminismoaz aritu ordez feminismoaren beharra zalantzan jarri eta emakumeon gaiztakeria naturalaz hitz egiten duten horietaz aritu.
Jakina, feministekin aritzean ez da horrelakorik gertatzen, baina sarritan tokatu zait, eta ziur nago zuetako askori ere berdin gertatu zaizuela, mezu, ideia edo hitz feminista bat esan –ez dago speech luzeen beharrik– eta solaskidea salaketa faltsuei buruz hitz egiten hastea (dena dela, pentsa zenbat delitu mota egin daitezkeen, zenbat salaketa eta zenbat eremukoak jartzen ote diren egunero eta horietako zenbat izan daitezkeen faltsuak, baina, a ze bitxikeria, “salaketa faltsu” esan dudanean guztioi etorri zaizkizue burura alor zehatz bateko salaketak, faltsuak % 0,009 ere ez direnean). Esaten ari nintzenez, salaketa faltsuez hitz egiten has dakizuke norbait, mezu bere ustez feminista botatzen baduzu. Dagoeneko ezin dela ligatu esango dizute beste batzuek, guztia iruditzen zaigula erasoa, frantziar style, edota jada ezin dezaketela ezer esan. Hau da, gizonak zikiratzera jolasten garela feministok, geure gogo eta buruetan beren barrabilak bakarrik edukiko bagenitu bezala.
Kontua da emakumeak ere tokatu izan zaizkidala horrelakoak esanez. Beren ustean, emakume-ia-beti-maltzurren atzaparretatik babesten dituzte gizon-gehienetan-zintzoak. Beren alde daudela esaten diete gizonei horrela, eta gizonen aurkako mugimendu bidegabe eta diskriminatzaile hori gaitzesten dutela, hemen sexuen arteko gerra egongo balitz bezala: «Emakumeok gaiztoak gara, baita geure artean ere; hobeto moldatzen naiz gizonekin».
Patriarkatuaren emakume konplizeek horrela pentsatzeko eta jarduteko bi arrazoi nagusi ikusten ditut. Lehenengoa: hain da larria gizon zuri heterosexual dirudunak ez garenon egoera, nahiago dute ostrukarena egin eta ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitu. Jakina, horrela pentsatuz gero, eta ezjakintasunetik abiatuta, feminismoak gizonak suntsitu nahi dituela pentsa daiteke. Bigarrena, eta hau da gailentzen dena, nire ustez: berdintasunaren alde borrokatu baino, nahiago dute zapaltzaile boteredunen ondoan egon eta beren ipurdiak miazkatu, pribilegio gehiago edukiko dituztelakoan.
Boteredunaren ondoan egotea boteredunaren ondoan egotea besterik ez dela esango nieke horiei, eta tiranoen ezpatak ez duela ustezko etsaien eta lagunen artean bereizten.
Alaitz Andreu Eizagirre
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!