Riviera Gaza: euskal ekonomiarako aukera bat?
Bai, eremu horren historia odoltsua da. Pena bat izan zen hainbeste jendea hiltzea eta herri hori modu horretan kanporatua izatea, baina, Historian zehar, hainbestetan gertatu dira halakoak…! Gizakiok ez dugu erremediorik eta Historiak ez du atzera bueltarik. Egiten ari zirena gehiegizkoa zela iruditu zitzaigun baina, aldi berean, gure enpresen negozioak ezin genituen kolokan jarri. Gertatu zena gertatu zen, eta iragana da jada. Gogorra, baina iragana. Gainera, denborarekin, gero eta atzerago geratuko da, gero eta ahaztuago. Oso bortitza izan arren, ekaitzaren ostean barealdia dator. Eta, gogorapenekin batera, ezinegona eta kontzientzia txarra desagertuko dira progresiboki.
Gaizkia jada eginda dago. Begira dezagun aurrera! Hondar-basamortu hura ekonomikoki loratzeko gure ekarpena egin dezagun! Atzera begiratzeak ez gaitu geldiarazi behar. Lehia handia dago mundu aldakor honetan eta Euskadik ere asko esateko dauka. Ondo posizionatu behar gara ahalik eta merkatu gehienetan, eta David´s Paradise, Gaza izan zenaren deitura berria, negozio aukera da euskal enpresetarako. Eta, dakizunez, gu ez bagara sartzen, beste norbait sartuko da. Trumpen enpresak eta Israelgo eta Golkoko monarkien kapitalak nagusi izan arren, lekua izango dute beste enpresa batzuek ere, bizkor mugitzen badira.
Ez da ekosistema idilikoena, baina testuinguru oso emankorra izan daiteke. Ez zen erosoa izan zentral nuklearren eta armagintzaren bultzada defendatzea ere, baina egin genuen. Zedarriak-en foroan aurrerapena, jarraian Eusko Jaurlaritzatik publikoki sostengatu, geroago diru publikoa bideratu eta… zer esango dizut! erantzuna espero genuena baino apalagoa izan zen. Zu oso txikia zinen baina Lemoizko zentrala, Leitzarango autobidea edo AHTren hasierako garaietan erantzun maila beste bat zen. Gaur egun errazagoa da. Gure gizartea arrazoian sartuz doa.
David´s Paradise-n azpiegitura eta zerbitzuetan euskal enpresak sartzeak kritikak ekarriko ditu, baina kritikak jasangarriak izango dira. Badakizu, gaur egun, gero eta jasangarriagoak gara; horretarako ere, txo!
Askoren interesen artean tokia egitea zaila izango da, baina alderdi batzuetan ondo kokatuta gaude. Ez dira gutxi Israelekiko merkataritzan know-how hori daukaten enpresak. Adibidez, CAFek eskarmentu handia dauka zonaldean, Jerusalemen eraikitako trenbide sarean. Imajinatu zein aukera irekitzen den orain David´s Paradise-n! Ez bakarrik bertan, baizik eta eremu hori Tel Aviv eta Jerusalemekin lotzeko ere. Baina esperientziaz gain, beste aldeko puntua dauka: nahiz eta sozialki seinalatua izan, CAFek ez zuen amore eman eta israeldarrekin hartutako konpromisoetan leial mantendu zen. Israeldarrek jakingo dute hori balioan jartzen. CAFek muturra (hobe esanda, trenbidea) sartzen lortzen badu, pentsa zein negozio maila enpresarako eta hornitzaileetarako! Eta, enpresa eta akziodunentzako etekin ekonomikoaz gain, lanpostu asko sortzeko balioko du. Horrek isilaraziko ditu aho asko, iraganean gertatu zen moduan. Israeli boikota egiteko eta CAFi negozio horretatik ateratzeko eskaerak egon ziren sektore batzuetatik, baina beste sektore batzuek ez entzunarena egitea nahiago izan zuten eta enpresa proiektutik ateratzeko beharrezko presioa ez zen nahikoa izatera heldu. Aurkakotasuna gaindituta, ez da aurreikusten arazo handirik David´s Paradise-n negozioetan sartzeko. Euskadiko ekonomia suspertuko eta kalitatezko lanpostuak sortuko dituela zabalki hedatuta, erresistentzia soziala txikia izango da. Betikoak, beti bezala, betikoa egiten, baina gure asmo enpresarialetarako oztoporik ez, berdin zeri buruz arituko garen: trenak, ingeniaritza proiektuak, ardoa, elektronika, armak… Are gehiago, Euskadira gero eta turista gehiago ekartzeko garatzen ari garen expertise-a ere hara eraman dezakegu! Horrez gain, Loiu eta David´s Paradise-ko Uprising Land resort berriaren aireportua lotzeko apostu argia egin behar dugu, euskal instituzioen bultzadarekin. Hasieran kostata bada ere, gero eta bidaiari gehiago animatuko dira, publizitate kanpaina indartsuek lagunduta. Gazteak izango dira jomuga nagusia, Gaza izan zenaren irudiak bizi edo ulertu ez zituztenak. Prezio baxuko bileteak lehenengo urteetan eta hondartzaren irudi paradisiakoak, jendea dantzan, aurpegi irribarretsuak eta mezu cool-ak. “David´s Paradise? Ni ere egon naiz!”, “¿David´s Paradise? ¡No os lo perdáis!” Ezin uko egin tentazioari.
Kontrako norabideko bisitaririk ez dugu izango. Gazatik alboko Estatuetara atera zituzten palestinarrak ez dira Euskadira etorriko. Dena den, argiak izan gaitezen: ez ditugu behar. Kalitatezko migrazioa ez da handik etorriko, baina atea ireki diezaiokegu migrazio selektibo eta kontrolatu bati: ume gaixo gazatiarrei. Haiei eta haiekin etorriko diren senitarteko hurbilenei, gu ez baikara Trump bezain bihotz gabekoak. Guk ez ditugu umeak eta gurasoak banatuko. Ume gaixo batzuk jasota eta hedabideetan irudiak zabalduta, euskaldunon onberatasunaren autopertzepzioa handituko da, eta herritar asko lasaituago sentituko dira. Gazatiarren alde zerbait egiten ari garenaren mezuak aurre egingo die erradikaleengandik jasoko ditugun kritikei.
Malkoak albo batera utzi eta garrantzitsuenean zentratu. Sentikortasunkeria bai, baina gutxieneko dosian eta negozioa apaintzeko. Hitz politak bai, baina eskrupuluak ezin dira lehiakortasunerako oztopoa izan. Gustatu ala ez, pragmatismoak eta negozio-ikuspegiak baino ezin dute gidatu euskal enprendedorea. Horrela izan da Amerikako konkistatik Gazaraino. Negozio-aukera hartu eta segi aurrera!
(erradiografia hau errealitatearekiko edozein antzekotasunik kointzidentzia baino ez da; inor ez dadila deseroso sentitu)
Iñaki Etaio
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
