Psikopatak lemazain
Gure patua psikopata gutxi batzuen esku dago. Halaxe ondorioztatu zuen Jon Robson idazle eta kazetari britaniarrak “Psikopata al zara?” izeneko liburuan. Bere lanean “The Guardian” egunkariko kolaboratzaileak kontrastean jarri zituen gaitz psikopatikoaren diagnostikorako ezaugarriak goi mailako ardura postuetan dauden politikari eta enpresarienekin. Bi urte eman zituen psikopatagaiak elkarrizketatzen buru-osasun zentroetan zein korporazio handietako bulegoetan, eta ikerketaren emaitza erabatekoa izan zen: mundua psikopatek gobernatzen dute. Psikopatak ez du damurik, ezta hurkoarekiko enpatiarik ere; manipulatzailea da, bere helburuak lortuko baditu; neurri gabeko egoa dauka eta gezurra modu konpultsiboan darabil. Horiexek dira sistema kapitalistak saritzen dituen ezaugarriak, horiexek betez baino ezin da, sistema kapitalistaren baitan, ardura goreneko postuetara iritsi. Zenbat eta gertuago izan izaera psikopatikotik, orduan eta gorago egingo duzu botere katean; atzean uzten dituzunekiko errukirik gabe.
Azken hilabeteotan koronabirusaren izurritearen ondorioz bizi izan dugun salbuespenezko egoeran, EAEan bereziki, egiaztatu ahal izan dugu gure patua psikopaten esku dagoela. Pandemiaren kutsakortasun punturik gorenean geundenean gure erakundeetako lemazainek direnak eta ez direnak egin zituzten ekoizpen jarduera ez eteteko, adituek kontrakoa gomendatzen bazuten ere. Irizpide zientifikoen eta komuneko ongizatearen gainetik, haiek bezain psikopatak diren enpresarien apetak hobetsi eta lanera bidali gintuzten, lana ez den edozein jarduera publiko debekatzen zuten bitartean. Kontraesanak bata bestearen atzetik etorri ziren: maite dugun jendearekin elkartzea, gaizki; bostmila lankiderekin Mercedes konpainiaren faktorian, ongi. Lagunekin parkeko bankuan edatea, gaizki; kafetegiko terrazan, ongi, hori produktiboa baita ekonomiarentzat. Baserritarren barazki azoka, gaizki; azalera handiko merkatalgunekoa, ongi. Umeak kulunpioetan, gaizki; hauteskundeak aurreratzea, ongi. Mendian bakarrik paseoan ibiltzea, gaizki; Nojara joatea, ongi. Nekez antzeman daiteke arrazoizko irizpiderik neurri kontraesankor horietan guztietan. Eta horrek zer pentsatu ematen dio pentsatzeko gaitasuna galdu ez duenari.
Uler nezake prebisio falta aurrekaririk ez daukan ezohiko larrialdi egoera baten aurrean. Barka nezake ezjakintasuna. Baina nago koherentziarik gabeko lema kolpe horien atzean ez dagoela utzikeria. Aitzitik, interes konkretu batzuk daude; merkatuarenak, ekonomiarenak, elite finantzieroenak… eta interes horiek guztion ongizatearen aurrean jartzea, damurik gabe, hurkoarekiko enpatiarik gabe, manipulatuz eta gezurra modu konpultsiboan baliatuz, psikopatek baino ezin dute egin; gobernatzen gaituzten psikopatek.
Koldo Alzola
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!