“Ospatzeko Eguna?” -Alaitz Amundarain-
OSPATZEKO EGUNA?
Gure hiriko kaleak guztionak direla erakutsi genuen larunbatean. Okupatu Gasteiz egunerako gune publiko batzuk erabiltzeko baimenak ukatu zituen PNVk. Errekaleorren 5. urteurrena, Auzolana pilotalekuaren 10. urteurrena, gaztetxearen 30. urteurrena eta Hala Bediren 35. urteurrena ospatzeko oztopoak jartzen saitu ziren udaletxetik eta hala ere, egun hori ospatzea lortu genuen. Kolorez betetako manifarekin hasi zen eguna. Bazkari ginkana izan genuen ondoren eta musika bai gaztetxean baita taberna ezberdinetan ere.
Ostiral honetan urriaren 12a dugu. Hispanitatearen eguna, Kolon Ameriketara heldu eta konkistatu zuela 500 urtetik gora dira dagoeneko. Eta ez, ez dugu zer ospatu. Askok gustura hartzen dugu egun hori jai. Udako oporretatik izaten dugun lehen jai eguna delako Hego Euskal Herrian. Baina ez da euskaldunon jai eguna eta ezta Abya Yalako herrien jai eguna ere. Kolon 1492an Ameriketara heldu zenean inposaketa kulturala, politikoa eta militarra ezarri zuen. Miloika herritar hil zituen zibilizazioaren eta erlijio katolikoaren izenean. Bertan zeuden herriak eta haien kultura deuseztu zituen. Abya Yalako herrientzat erresistentzia eguna da urriaren 12koa. Benetako independentziaren aldarria egiten duten eguna.
Gasteizen ere egun horretan egunari esanahia emateko ekimenak antolatu dira. Goizean Ikasle Mugimenduko herri eskolak eta ekimenak egogo dira. 13:30etan kontzentrazioa Andra Mari Zuriaren plazan “Inperalismoaren aurrean herriok erresistenzia! Venezuela aurrera! lemapean. Arratsaldean 18:30etan kalejira antiinperialista Brulleriasetik “Ofizialtasuna orain!” aldarrikatuz eta azkenik, jaialdia eta kontzertuak gaztetxean.
Ez da ez, ospatzeko eguna, bai ordea; aldarrikatzeko eguna.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!