Nondik hasten gara?
Nondik hasten gara? Uda pasa da, eta ez da preseski aspergarria izan. Espainiako gobernuaren osatze-kontu horiekin guztiekin barre egin dugu (edo negar, auskalo), eta Esquerra Republicana eta EHBildu ezkerreko estatu-ikuspegirik sakonena izan dutenen gisan agertu zaizkigu (bitxia, ein!, “Espainiako erakundeei muzin egin behar diegu” hartatik, gaurko posizio hauetara, … eta ongi etorriak!, nik nire hitzak jan behar baditut ere). Orain hauteskundeak datozkigu berriro, eta batzuek gogaitzeko motibo ikusten duten hori niri pagotxa begitantzen zait: Marotori bi zaplazteko jo eta gero, orain Oiartzabal nazkanteari beste bat jotzeko aukera paregabea, Vascongadetan euskal eskuin espainolaren balizko berpizkundea (Iñigok dio) betirako zapuztuz (beno, agian albo kalteak Podemosekoek jasoko lituzkete, zer eginen diogu, bada)… Jesus, zein izpiritu tristea dugun.
Eta oporrak probestu ditugu Hasierren liburua irakurtzeko. Epika berriak eta narratiba konpartitu berriak, etorkizunean oinarrituko ote den euskal kontakizun berria, tira, ados!, eta hala ere bertigotxoak suertatzen zaizkigu, adibidez joan den astean nire etxean bizi den elementu hori ikastetxerako “lan uztea egiteko baimena” sina niezaion eskatzen etorri zitzaidanean (bidenabar: gure garaian ez zigun inork halakorik baimentzen, piperrak egin eta kito, baina gaur gauzak horrelakoak dira, hala bedi). Eta ni Gudari Egunaren inguruko zerbait izango zelakoan, hara non argitu zidan pisukideak ezetz, aldaketa klimatikoaren aurkako lan-uztea zela. Ai ama!, bai, iaz ere horrelakoetan aritu ziren. Perfektu, belaunaldi berriek deskubrituko dituzte narratiba berriak eta borrokari engaiatzeko gai berriak, eta agian denon artean lortuko dugu borroka horiek guztiak elkarren artean aberasgarri izatea.
Baina zentratu beharko gara pixka batez, bestela, begira joan den udakoa, mutur batean euskal presoei eginiko ongi etorrien inguruko ika-mika interesatua, iraganaldira eramaten gaituen horietariko bat, eta, beste puntan, … Errekaleorreko oiloak, oilaskoak eta oilarrak, beganoak, animalistak, FLA auzo-batzarraren aurka, … ez dakit zein etorkizunera eramaten gaituztenak. Ez diogu neurririk hartzen. Aldaketa klimatikoaren inguruko kontu honekin ere eztabaida korapilatu da, neska nork manipulatu ote duen, nor dagoen atzean, Obama, genero-ikuspegia ere gehitu zaio kontuari, … Eta ekonomia egoera latzean, Brexita badator (ala ez?, apustuak onartzen ditut). En fin, astindua dugu panorama eta, gezurra badirudi ere, kontu hauen guztien inguruko testurik sendoena, argiena, zehatzena Sorturen txosten batean irakurri dut (harrapazak/n, Sortu.ren testuetan freskura kausitzen, berriak ei diren beste eragile batzuen testuei/estiloei -47en epaiketan traizio historikoa ikusi dutenak, Iván Márquez eta konpainiari ere kartila irakurri dietenak, Arriaga aurreko agerraldian haserre agertzen direnak, … – naftalina baitarie). Tira, ea zer kontatzen digun Rubének bere lehenengo liburuan, ezen eta –Hasier, honek belaunaldi berriko idazle horiei ere balio die- euskal preso ohiei buruzko literatura etsigarria baita –eta “Rosa itzuli da” lekuko, sentitzen dut.
Hala, nagiak atera eta goazen. Ea ordenatzen ditugun gauzak hauek guztiak.
Txema Matanzas
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!