“Nekez uzten du sorterria sustraiak han dituenak” -Iñaki Lazkano-
Joseba Sarrionandiaren hitzak Mikel Laboaren ahotsean kanta egin zirenak.
Egun hauetan etengabe datozkit gogora hitzok, bata bestearen atzetik, taigabe….paterak itsasora lez. Txirotasun gorritik, gerretatik, jazarpen politiko, sozial edo sexualetik ihesi datozen gizakiz eta emekiz leporaino beteak itsasoratzen diren paterak ikustean…sorterria… nekez… uzten du… nekez…
Zer uste dugu bada, jendeak gogotsu eta pozik migratzen duela?
Zein polita den globalizazioa! munduratze orokorra!, baina soilik aberastutako herrialdeentzat? Non daude herrialde txirotutako biztanleentzako low-cost bidaiak?
Ezar ditzagun kuotak bai, ezarri, beldurrik gabe; baina ez erabakitzeko zenbat pertsona “sar” daitezkeen gure Europa gotortuan, baizik eta erabakitzeko zenbat pertsona “hartu” behar ditugun, abegikor, lagunkoi…izan ere, xahutzen dugun petrolio tanta, soja ale, palma olio litro edo banana kilo bakoitzeko pertsona bat hartu beharko genuke-eta.
Petrolioa amaitzear da lagunok, baina gaur egun inoiz baino gehiago bidaiatzen dugu. Normala iruditzen al zaizue guk 10 edo 20 euroren truke leku askotara bidaia dezakegun bitartean, besteek beren bizitzak arriskuan jarri beharra patera batean?
Tusk eta Trump, Trump eta Tusk….beleak zozoari, ipurbeltz!
Estatu Batuetako adierazpenekin eta ekintzekin asaldatzen gara, baina erraz onartzen Europako Kontseiluko presidentearenak:
“Europako Kontseiluko presidente, Donald Tusk-ek, zera proposatu die Batasuneko 28 estatuei: “Egin ditzagun etorkinentzako lehorreratze plataformak europatik at”.
Zer esan nahi du? Afrika osotik datozen etorkinak hartuko dituen bategite zentroak egin nahi dituela? Garai bateko “konzentrazio esparruak”, ezta?
Azal gogorra izan behar da, eta lotsa gutxi. Inolako eskrupulurik ez duten politikoek gobernatzen gaituzte, hitzez hitz, gobernatu, aziendak gobernatzen diren bezala. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren hitzaurrea ere irakurri ez duten politikariek dute agintea, eta horrela dabil mundua…
Gizaki orori dagozkio adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomi maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik. Ez zaio begiratuko gainera, pertsona zein herrialde edo lurraldetakoa den
Eta niri berriro datozkit gogora Sarriren hitzak Mikelen ahotsean:
Bere sorterria nekez uzten du, sustraiak han dituenak…
Iñaki Lazkano
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!