“Mozal Legea indargabetzera goaz” -Eleak/Libre mugimendua-
Hiru urte dira Mozal Legea indarrean sartu zela, hiru urte eta lau hilabete zehatzago nahi bada. Aplikazio kopurua izugarria izan da, baita aplikazioen ondorioz jasotako diru kopurua ere, berriki jakin dugun moduan. 1,2miloi euro EAEn. Handitzen doazen kopuruak dira baina ez hori bakarrik, kopuru horien atzean herritarrak daude, zigortuak izandako herritarrak, haien eskubideak urratuak izan diren herritarrak… Beraz, bada garaia Mozal Legea indargabetzeko eta hartara goaz!
Horretarako, azken asteotan Euskal Herriko 35 eragileren atxikimendua jaso eta Gasteizko Legebiltzarrean zein Iruñeko Legebiltzarrean Mozal Legea indargabetzeko dokumentua aurkeztu dugu.
Baina, zergatik orain? Azaroaren 14an, Madrilgo Parlamentuan, azken hilabeteotan Mozal Legeari egindako zenbait emendakin eztabaidatuko direlako, gerora kongresuan bozkatuak izan daitezen. Guztiak, Mozal Legea moldatzeko proposamenak, artikuluak aldatzea proposatzen dutenak, zigorra aldatzea… Guk argi dugu, emendakinak emendakin Mozal Legearen izaera injustua ez dela aldatuko, herritarron eskubide zibil eta politikoak urratzen jarraituko duela. Horregatik, Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretako alderdiei Mozal Legeari EZ bozkatzeko eskatu diegu! Mozal Legea indargabetzeko pausoak eman ditzaten.
Oraingoan, 35 izan dira testua babestu eta bide honetan batu zaizkigunak. Mozal Legearen izaera injustua salatu eta guztion eskubideak defendatzeko helburuarekin. Instituzioetatik ez ezik, kaletik ere lan egin behar dugula argi dugu. Isunak salatu, bakartasun sentimendua erantzi eta elkartasuna jantzi! Elkartasunez antolatu, erantzun eta indargabetuko dugulako lege injustu hau.
Errepresio zuria deitzen diogu, gardena nahi bada, bakartasunean zigortu nahi gaituztelako eta ez dutelako erantzunik jaso nahi. Baina bide honetan ez dugu inor bakarrik utziko, kolorez jantzi eta Mozal Legeari erantzungo diogu indargabetzen duten arte! Herritarron eskubide zibil eta politikoak defendatuko ditugu, herritar librez osatutako Euskal Herria nahi dugulako!
Datozen hilabeteotan gertatutakoaren berri emango dugu eta oraindik ere tokian toki lan egiteko aukera izango dugu. Bozkatzera doazenean mobilizazioak aurreikusi ditugu. Entzun dezatela Madrilen Euskal Herrian MOZAL LEGEARI EZ! Ozen ohiukatzen duela, MOZAL LEGEA INDARGABETZERA GOAZ ETA!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!