“Mezularia hil” -Alaitz Andreu-
2010eko abenduaren 31 zen, eguerdiko 13:00a. Gasteiztik Bilborako bidean nindoan, autoz, bakarrik. Eguzki-izpiak gogoratzen ditut, bolanteari helduta zegoen ezkerreko eskuaren gainean. Eskuineko eskua, kopetan. Eta hankak, dardarka, saltoka. Estutasuna bularrean. Zorabiatu egin nintzen. Zorionez, ez nuen istripurik izan.
Tentsio-beherakada eduki nuela pentsatu nuen, baina antzekoa sentitzen hasi nintzen handik bi egunera Bilbotik Gasteizera itzuli nintzenean. Eta zoratzen hasita nengoela pentsatu nuen hurrengo egunetan. Antsietatea zen.
Berez, ez neukan horrelakorik edukitzeko ageriko arrazoirik. Ez nekien zer ezkutatzen zidan barruak, edo zer ezkutatzen nion nik neure buruari. Dena dela, banekien etenaldia egiteko eskatzen ari zitzaidala gorputza. Neure buruari begiratu behar nion, tripetan arakatu, eta kontu batzuk aldatzen hasi. Halaxe egin nuen.
Antsietateak, minak bezalaxe, abisatu egiten gaitu: aizu, hemen zerbait ez dabil ondo! Abisu horrek, berez, geldiarazi egin beharko gintuzke, eta arreta bideratu. Askotan, ordea, mezulariari kasu egin ordez, nahiago izaten dugu begiak itxita jarraitu. Diozepamana edo ibuprofenoa hartu, eta berdin jarraitu.
Hala ere, antsietateak edo minak hor jarraitzen dute, isilik, botiken efektua igarotzeko zain-zain. Eta, gero, antsietate edo min hori egiten dugu gure zorigaiztoen errudun. Gaitzaren jatorria antsietatea edo mina bera balitz bezala. Mezularia hiltzen dugu, ustezko erosotasunetik mugitu nahi izaten ez dugulako.
Izan ere, oso gogaikarria da norbere buruari begiratu behar izatea; are gehiago, bizitzan edo bizi-ikuskeran aldaketak egitea eskatuko badigu horrek. Eta, zer esanik ez, pribilegioak galaraziko badizkigu. Beldurra ematen du, eta horrek gogaitu egiten gaitu.
Judith Butler EEBBko filosofoa da, eta irakasle katedraduna Suitzako unibertsitate batean. Batez ere, genero-identitatea performatiboa delako teoria babesteagatik egin zen ezagun; hau da, genero-identitatearen izaera esentzialista deseraikitzeagatik. Bada, duela gutxi hitzaldia eman behar zuen Brasilgo unibertsitate batean, eta sekulako iskanbila piztu dute hango talde eskuindar batzuek. Beren mezuen artean, besteak beste, Butlerrek pedofilia eta zoofilia aldarrikatzen dituela daude. Jakin ez dakit, baina lepoa jokatuko nuke esatean ez dutela bere lanik irakurri, lan horiek irakurtzeko interesik ere ez dutela, eta beraiek eragindako ezjakintasun horren ondoriozko beldurrak eragin dituela inkisizio-oihu horiek. Beldurrak, baina baita gizarte feminista batean pribilegioak galduko dituztela jakiteak ere.
Hori Brasilen gertatu da, baina gure herriko jende askoren ahotan entzun ditzakegu feminismoaren aurkako mezuak. Bai, feminismoak gogaitu egiten du, gure bizitza eta bizi-ikuskera heteropatriarkal osoa iraultzen duelako. Molestatu egiten du, antsietateak bezainbeste molestatu ere, egiturazko aldaketak egitea eskatzen duelako; bai norberaren baitan, bai gizartean oro har. Eta, askotan, pribilegioei uko egitea ekartzen duelako horrek.
Feminismoaren ideologia politiko-kultural-ekonomikora sartzen hasten garenean, feminismoa ez baita mezulari hutsa, hankaz gora jartzen zaigu bizitza, eta bizitza aldatzen zaigu. Etenaldia egin behar da, norbere buruari begiratu, eta gizartean dugun tokia zein den aztertu. Non eta nola azpiratzen gaituzten ikusi, eta non eta nola azpiratzen dugun ikusi.
Feminismoak ez digu eraso egiten, ezta antsietateak ere. Gaitzaren jatorria beste bat da, eta pribilegiodun ez garenok badakigu Diozepama ez dela irtenbidea.
Alaitz Andreu Eizagirre
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!