“Iruña Veleiaz” -Mikel Lacalle-
Iruña-Veleia, Arabako “Altamira” ote?
Duela astebete izan nuen “Altamira” filma ikusteko aukera, telebistan jarri zutelako. Pelikulan kontatzen da Marcelino Sanz de Sautuolak, XIX. Mendean, Kantabrian kokatutako Altamira izeneko kobazuloan labar-pinturak aurkitu zituela eta aurkikuntza horrek –bere garaiko garrantzitsuenetarikoa izanda ere, beranduago (beranduegi berarentzat) egiaztatu zenez- garai horretako eliza, zientzia eta politikarien aurka egitera eraman zuela, bere bizitza benetako kalbarioa bilakatuz. Beranduegi berarentzat, azpimarratzen dut, jakin badakigulako, hil ondoren berreskuratu zituelako merezitako ospa eta izena.
Filma, nire ustez ona ez izan arren, balio handiko dokumental bezala jotzen dut, historian gertatutako izugarrizko injustizia salatzeko eta jendeari ezagutarazteko. Eta hori oso interesgarria iruditzen zait, gizakiok memoria ahula dugulakoan nagoelako eta, jakin ere badakigulako, historia ezagutzen ez dugunok iragana errepikatzera kondenatuak gaudela.
Gaur egun, XXI. Mendean, Araban bertan, badaukagu gai bat aipatutako film horretan kontatzen den arazoarekin antza handia duena. Iruña-Veleiari buruz ari naiz. Ziur aski jakingo duzuenez, duela 12 urte Iruña-Veleiako aztarnategian grafito asko aurkitu ziren (400 inguru) eta faltsutzat jo zituen Arabako Foru Aldundiak, 2008ko udazkenean hartutako erabaki baten bidez, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslez ia guztiz osaturiko Batzorde Zientifiko Aholkulariaren zenbait txostenetan oinarrituta. Txosten horietan denak dira usteak, teoriak, iritziak… ez dago froga zientifikorik bat ere. Berdin dio. Foru Aldundiaren erabakia Lurmen enpresari indusketa-baimena kentzea izan zen eta zigor-espedientea irekiz, auzibidean jartzea enpresa horretako zuzendaria zen Eliseo Gil arkeologoa, eta hainbat kide eta kolaboratzaile. Horretaz gain, Euskal Herriko Unibertsitateari aztarnategiaren zuzendaritza eman zion eta bere iritzien aldeko kanpaina bat zabaldu zuen hedabide guztietan. Horrela ulergarria da euskal herritar gehienen interesik eza. Iruña-Veleiaren afera tabu bihurtu da euskal gizartean. Baina, non daude euskara helburu duten elkarte eta aldizkariak, idazle zein argitaletxeak, sindikatu eta alderdi politikoak? Ulertezina eta mingarria bereziki Euskaltzaindiaren isiltasuna euskararen historian hain garrantzitsua izan daitekeen aurkikuntzaren aurrean. Nori interesatu beharko litzaioke gehiago gaia argitzea, euskararen zaintza helburu duen Akademiari baino?
Euskara bera kalteturik ateratzea nahi ez badugu, afera argitu dadin exijitu behar dugu; ez da beste irtenbiderik geratzen eta garaian gaude oraindik: Iruña-Veleiako ostrakak laborategi espezializatuetan aztertu behar dira. Garai honetan erraza dela, uste dugu, egia aurkitzea datazio teknika modernoak erabiliz, ohikoak, beste aldetik, gaur egungo arkeologian. Euskal Herriko herritar gisa egia ezagutzeko eskubidea aldarrikatzen dut. Errepikatuko al dugu Araban ere Altamiran egindako injustizia??? EZ NIRE IZENEAN!!!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!