[Iritzia] “Akabo krisia” -Iñaki Lazkano-
Abisatu gintuzten, jakinaren gainean geunden, halako batean krisia amaituta zegoela esango ziguten eta iritsi da eguna. Akabo krisia, sartu gara berriro ere hazkunde garai batean, hemendik aurrera denok elkarrekin arraun egitera eta ekonomia hauspotzera gonbidatuko gaituzte.
Baina ez gaitezen engaina, abisua bikoitza zen-eta: egunen batean krisia amaituko zela esango ziguten baina horrekin batera langile eskubideak eta soldatak murriztuko zituzten erabat. Eta horrela izan da zoritxarrez.
Eskubide murrizketa beharrezkoa zuten, langile arrunten soldatak jaistea helburu nagusia zen eta egin egin dute. Ondorioz, eguneroko ogia da fabrika, lantegi eta sektore guztietan: kaleratzeak eta zapalkuntza kapitalista bortitza.
Duela gutxi Intermon Oxfam Gobernuz Kanpoko Erakundeak ederto salatu du: munduko 8 pertsona aberatsenek gizateriaren erdiak haina diru dute. Bai ondo entzun duzue….8 aberatsenek 3600 milioi pertsonak adina dute.
Zer nolako sistema motak baliatzen du hori, ahalbidetzen du honelako egoera bat?
Eta ez daitezela milonga zaharrekin etorri, aberatsak lan handia egindako pertsonak direla, arriskuak hartzen jakin dutenak etab, etab…
Modu bakarra dago hainbesteko dirutzak egiteko: besteen bizkar irabaztea, besteen zapalkuntzari esker irabaztea. Hemengoak edo hangoak eta giza edo natura baliabideak ustiatu baino bidegabeki xahutuz egindakoak.
Tamalez, mundua etengabe aberastu nahi duten gizaki ase ezinez beteta dago, eta okerragoa dena, egunero erakutsi nahi digute hori dela jarrera bidezkoa, bizitzan egin beharrekoa: Bill Gates edo Amancio Ortega izan, Carlos Slim edo Richard Buffet.
Beste aldean, zapalduen aldean, bien bitartean gehiegikeria da antza zure lana ondo egin nahi izana eta gutxieneko soldata duin bat eskatzea. Larregi hilean ondo egindako lanagatik 1200€ kobratzea aldarrikatzea.
Eta gure agintariak beste alde batera begira, arazoa beraiena izango ez balitz bezala, zuzenean erakunde publikoekin zerikusia duen Bizkaiko nagusien egoitzen gatazkan.
Datorren astean, martxoaren zortziarekin berriro hasiko dira greban Bizkaiko nagusien egoitzetako langileak, gehienak emakumeak, eta egun berean ahaldun nagusi Unai Rementeriak, egun horretako ekitaldiren batean, Emakumearen eguneko ospakizunen batean, berdintasunaren alde dagoela esango du.
Azal gogorra izan behar da eta bihotza are gogorragoa.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!