“Inpunitatea amaituko zaien eguna” -Koldo Alzola-
Inpunitatea amaituko zaien eguna
Israel bonba zaparrada jaurtitzen ari da, berriz ere, Gazako zeru gainean; eta gertaera, errepikatuaren errepikatuaz, aipamen laburra baino ez da gaur egun hedabide hegemonikoetako albistegietan. Baina iragarritako erailketa baten kronika da. Espero litekeena zen, bi urtetan behin gutxi gora behera horrela gertatzen baita. Munstroari; Israelgo gerra makineriari, alegia; jaten eman behar zaio, asetu egin behar da bere odol egarria.
Iragan igande gauean eten zuen Israelek sekula su etena izateko bokaziorik izan ez zuen balizko su etena. Palestinarrez mozorrotutako komando militarra bidali zuen konzentrazio eremu barrura klandestinitatearen babesean ekintzaile politikoak garbitzera. Sei lagun erail zituzten, izen abizenekin: Nour al-Din (37), Mohammed al-Qarra (23), Alaa al-Din Quder (29), Mostafa Abu (21), Mahmoud BH (25) eta Alaa Fseifis (24). Hurrengo orduotan, gainera, hamaika eraikin eta erakunde zibil bonbardatu dituzte; besteak beste; Gazako Unibertsitateko Zientzia Aplikatuteko Akademiaren eraikina, Al Aqsa telebista katearena, Al Rahma mertataritza gunea, Amal hotela, eta hamarnaka etxebizitza. Eta zerrendak aurrera darrai. Sokak ez du etenik, ondotxo dakitelako Israelgo apartheid erregimeneko lemazainek euren ekintzek ez dutela ondoriorik. 70 urtez inpunitate osoz aritu badira, hurrenez hurren, nazioarteko erakundeek giza eskubideen inguruan kaleratutako ebazpen guztiak urratzen inongo zigorrik jaso gabe, zergatik jarri galga orain odolez baino asetzen ezin den bizio zoro honi?
Israel gaizki hezitako umea bezalakoa da, sekula mugarik jarri ez zaion horietakoa (izango al da, akaso, mugarik ez duen munduko estatu bakarra delako). Ez daki noraino iris daitekeen, beti urratu izan dituelako gizalegearen mugak inongo zigorrik jaso gabe. Baina, urrunegi iritsi denean, nork dauka haur tiranoa arrastoan sartzeko ardura? Nazioarteko komunitatea, erakundeak, estatuak behintzat ez; sobera erakutsi dute euren utzikeria, euren axolagabekeria, munduan burutzen ari den giza eskubideen urraketa eskandaluzkoenetako baten aurrean.
Gazak auzitan jartzen gu gizateria bera. Bi milioi pertsona Trebiñuko azalerako eremu baten barruan itxita; ihes egiteko inongo aukerarik gabe; lurrez, itsasoz, airez eta lurrazpitik ere hesiz eta frankotiratzaile armatuz inguratuta. Edateko urik ere ez dute; elikagaien, botiken eta eraikuntza gaien sarrera ere kartzeleroak kudeatzen du. Israelek neurtuta dauka bi milioiko populazio batek bizi irauteko egunean behar duen kaloria kopuru minimoa, eta horren arabera kontrolatzen du jakien sarrera konzentrazio esparrura. NBEak berak iragarri du giza bizitza bideraezina izango dela Gazan 2020 urterako; eta nire kezka da, baldintza hauetan, nola demontre iritsiko ote diren bizirik bi milioi gazatarrak 2020 urtera arte. Gazako populazioari zigor kolektiboak ezartzeko neurri anker bakoitzak beste bat ankerragoa dakar atzetik. Gutxieneko senaren eta gizalegearen estandar guztiak aspaldi gainditu dira Gazan… eta zer? Zer ondorio dakarkio horrek ume bihozgabe tiranoari? Bat ere ez.
Ez dago munstroa geldiarazteko borondaterik erakutsi duenik. Ez behintzat munstrua geldiarazteko gaitasun efektiboa daukatenen artean. Ez dago nazioarteko erakundeen ebazpenak eta zigorrak indarrean jartzeko erabaki irmoa hartuko duenik, ez dago etikaren izenean Israelekiko harreman ekonomikoak eteteko etika nahikoa duenik. Ez dago nazioarteko erakunderik, estaturik, gobernurik gaizki hezitako haurrari belarrietatik tira egiteko borondaterik erakutsi duenik.
Gu baino ez gaude. Gutxieneko gizatasunari eusten diogun hiritar xumeok. Sarraski honen ikusle axolagabe hutsak izateari uko egiten diogunok. Gogora dezagun Israelgo ordezkariak, aldiro bezala, gurera etortzen diren hurrengoan. Gogora diezaiegun urtero Gasteizera etortzen den Maccabiko delegaritzari, tartean hemengo erakundeetara bisitan etortzen den Israelgo enbaxadoreari, Israelgo armagintza industriari altzairua saltzen dion Sidenorreko arduradunei, ustezko punk jaialdi alternatiboetara musika talde sionistak ekartzen dituzten enpresariei, jaialdi gastronomiko herrikoietan muturra sartu nahi duten Israelgo lagunen elkarteei… Gure txistua aurpegian besterik ez
dute merezi horiek guztiek. Jakinaraz diezaiegun gurekin jai daukatela. Inpunitatea amaituko zaien eguna gero eta gertuago dagoela.
Koldo Alzola
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!